Hitzarmen berria adostu dute Jaso enpresako langileek eta zuzendaritzak
Itsasondoko Jaso Garabiak enpresako langileek eta zuzendaritzak, egun indarrean duten hitzarmena bukatu baino hiru hilabete lehenago, hurrengo hiru urteetarako hitzarmena adostu dute. Enpresa batzordearen ustetan, «Jasok egun bizi duen egoerari dagoki...
Enpresa batzordeak jakinarazi duenez, «bai langileok eta baita zuzendaritzak ere, iraganean izandako gorabeherak gainditzeko beharraz jabetuta ekin genion negoziaketari, eta denak asetuko gintuen hitzarmen duina helburu, uztailaren bukaera aldera egin genituen lehen bilerak». Elkarrekin, «adostasuna lortzeko aukerak zituzten puntuak lehenetsi eta berauek garatuz akordioa lortu» dutela argitu dute.
Lortutako baldintzak
Aurrejubilazioa eta kategoria igoerak ditu ardatz hitzarmen berriak. 1958an, 1959an eta 1960an jaiotakoak prejubilatuko dituzte eta langileen kopuru handi bat, 59 hain zuzen ere, kategoriaz igoko dituzte. Horrez gain, KPI-a gehi 0,8 igoko dituzte soldatak. Zazpi langile aurrejubilatu eta behin-behineko kontratua zuten bost langileri kontratu finkoa egin diete. Azkenik, zuzendaritzak enpresarako onuragarriak izan litezkeen ekarpenak egiten dituzten langileak sarituko ditu.