Al-Anon taldeak 'Alkoholaren eragina familian' hitzaldia egingo du ostiralean Zumarragan. Alkoholikoen senideek eta lagunek osatzen duten elkartearen lana gizarteratu nahi dute.
Alkoholikoen senide eta lagunek osatutako elkartea da Al- Anon. Alkoholiko Anonimoen paraleloa dela esan daiteke, «gaixo alkoholikoak bildu beharrean, hauen senitarteko eta lagunak biltzen baikara». Esperientziak elkartrukatzea eta alkoholikoekin elkarbizitzen ikastea da helburu nagusia, «honela ikasten baitugu guk ere gure koalkoholikotasuna hobeto kudeatzen». Mundu mailako anaidia da Al-Anon, eta munduan zehar herrika eta eremuka, taldeka banatua dago. Goierrin, lau talde daude. Anonimatoa eskaintzen dute Al Anoneko saioetan: bileretan esaten dena bertan geratzen da.
Miren, Maribel, Digna, Maria eta Ixabelek urteak daramatzate Al-Anonen saioetara joaten, garbi baitzeukaten alkohola edaten zuen senideari eta norberaren buruari lagundu egin nahi ziotela. Izan ere, bizipenetatik ikusi dute «alkoholismoa sendi guztiaren gaixotasuna dela, nahiz eta batek bakarrik edan». Isabelen ustez, «momentu bat iristen da zerbait egin behar duzula ikusten duzuna. Bakarrik ezin zara atera zulotik. Asteroko bileretan asko ikasten da: zer da alkoholismoa, zertara eramaten du, zertara eramaten nau… Alkoholiko batekin elkarbizitzen ikasten dugu, baita gizarte osoarekin ere».
Alkoholismoa, gaixotasuna
Al-Anonera joandakoan entzundako lehenengo esalditik sentitzen dute babesa: alkoholismoa gaixotasuna dela, alegia. Mirenen esanetan, «hasieran pentsatzen duzu alkoholarekin arazoa duen pertsonak zu izurratzeko-edo egiten duela. Al Anonera etortzea asko kostatu zitzaidan eta etortzen hasi nintzenean alkoholismoa gaixotasun bat zela esan zidatenean mundua ireki zitzaidan, lasaitasun handia hartu nuen».
Maribel eta bere bikotea psikiatrak bideratuta iritsi ziren Alkohohiko Anonimoetara eta ondoren Al-Anonera: «Nik ere laguntza behar nuela ikusi nuen. Berehala ikasi nuen eta asko aldatu nintzen. Ulertua sentitzen zara Al-Anonen, babes handia daukazu, askotan familian ez daukazuna». Beste sentimentu bat ere izaten dute alkoholikoen senideek: erruduntasunarena, «zergatik tokatu zait niri?» galdera egitea alegia.
Isabelen esanetan, saioetan ez dute aholkurik ematen, «guri ondo joan zaiguna kontatzen dugu eta kideek askatasun osoa daukate bai edo ez esateko».
Hamabi Urratsak eta
Hamabi Tradizioak liburuak eta dokumentuak dituzte lanerako oinarri. Dignak, esate baterako, 60 urte baino gehiago zituela ikasi zuen irakurtzen, dokumentu horiek irakurri ahal izateko. «Argi daukat, Al-Anonera etorri izan ez banintz, zubi azpian bukatuko genuela. Oihu gutxiago egiten ikasi nuen, gehiago entzuten».
Mariak bikotearen alkoholismo arazoaz gain, aitarena ere bizi izan zuen: «Gogoratzen zarete nola heldu nintzen ni hona?», galdetzen die kideei. «Indartu egiten gara saioetan, lasaitu egiten gara, eta pixkanaka beldurrak, obsesioak eta genio txarrak kontrolatzen eta sendatzen ikasten dugu. Hitz egiten ikasten dugu eta gure inguruarekin bakean bizitzen».
Seme-alabentzat, Alateen
Seme-alabek ere asko sufritzen dute alkoholikoen ondoan bizitzen. Honela, 11 urtetik gorakoentzat Alateen elkartea lanean ari da. 18 urtetik gorakoei zuzenduta, berriz, Al Anon-eko Seme-alaba Helduena taldea dago.
Ostiralean hitzaldia dago Zumarragan
AEBetan 1951. urtean sortu zen Al-Anon elkartea; Gipuzkoan 1963an eta Beasainen 1982an. Gaur egun Gipuzkoan 15 talde daude, horietako lau Goierrin. Beasaingo bilerak, Urbi etxean (Nafarroa etorbidea, 1), larunbatetan izaten dira, 19:00etan; Legazpikoak (Patrizio Etxeberria, 3) ostegunetan 18:00etan eta astelehenetan 17:00etan; eta Urretxukoak, kultur etxean, ostiraletan 18:30ean. Hilean behin, hileko lehenengo larunbatean, Donostian elkartzen dira 12:00etatik 14:00etara Amara kaleko 13. zenbakian. Elkartearekin harremanetan jarri nahi duenak 650 265 963 telefonora deitu behar du.
Taldeari buruzko zehaztapenak emango dituzte ostiralean, 18:30ean, Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean Alkoholaren eragina familian hitzaldi irekiarekin. Alkoholiko Anomikoetako eta Al-Anoneko kide banak eta mediku espezialista batek hitz egingo dute.