Aralar zinema aretoetan kateatu du ikusminak
Urriaren 18an Donostiako Principen egindako estreinaldiaren ondotik, hainbat aretotan proiektatu dute dagoeneko 'Aralar, mundua leku den lurra' dokumentala. Goierrin bost emanaldi izango dira azaroan.Oraindik gertatzen ari den guztiari bueltarik eman e...
Urriaren 18an Donostiako Principen egindako estreinaldiaren ondotik, hainbat aretotan proiektatu dute dagoeneko ‘Aralar, mundua leku den lurra’ dokumentala. Goierrin bost emanaldi izango dira azaroan.
Oraindik gertatzen ari den guztiari bueltarik eman ezinda gabiltza. Ia egunero daukagu emanaldiren bat Euskal Herrian zehar. Guretzat ez da ohikoa film bat estreinatzea, eta are gutxiago rock talde baten moduan bira bat egitea. Baina egia esan oso gustura gabiltza Aralarko egoeraren berri herriz herri ematen». Ion Fontenlak, Aralar, mundua leku den lurra dokumentalaren lau zuzendarietako batek, hitz horiekin deskribatzen ditu azken hiru asteotan izandako bizipenak. Aurretiko ikusminari neurri bereko erantzuna eman diote ikusleek, eta dagoeneko 3.000tik gora lagun pasa dira zinema aretoetatik.Donostiako Principe aretoan egin zuten estreinaldia urriaren 18an. Han ziren dokumentaleko lau zuzendariak Garazi Auzmendi, Iban Toledo eta Aloña Jauregi dira beste hirurak, gidoilariak Idurre Eskisabel eta Lorea Agirre beasaindar kazetariak, ikus-entzunezkoan parte hartzen duten hainbat aditu, eta sortze prozesu horretan modu batera edo bestera babesle eta laguntzaile izan diren hainbat herritar eta eragile, baita egileen senide eta lagunak ere.
Pello Ramirez musikari ordiziarraren eta Lorien Lopez de San Roman dantzari iruindarraren zuzeneko saio batek ireki zuen emanaldia lehenak dokumentalerako musika egin du, bigarrenak mundu oniriko baten kontakizuna gorpuzten du, eta proiekzioaren ondoren, egileek eta partaideek hartu zuten hitza. «Bikaina izan zen, inoiz ahaztuko ez dugun egun bat. Gertuko jende asko egon zen bertan, eta momentu hunkigarri asko bizi izan genituen. Aralarri egindako omenaldi bat izan zen». Maratoiaren abiera txalo zaparrada handi batek babestu zuen.
Aretoak betetzen astero
Goierri eta Tolosaldea ziren hurrengo jomugak. Astelehenez Lazkao, asteartez Beasain, asteazkenez Tolosa eta Ordizia ostegunez. Hurrena Orexa, CAFeko langileentzako emanaldi berezia babesleetako bat da trengintza enpresa, Iruñea eta Andoain. Eta azken emanaldiak Donostiako Principen atzera, astebetez. «Harrituta gaude filmak izan duen harrerarekin. Espero genuen jendea hurbiltzea, baina inondik inora espero ez genuena zinemak betetzea zen. Beasainen jendea kanpoan geratu zen, Ordizian eta Lazkaon ia bete egin zen, eta Tolosan 600 ikusle izan genituen. Sinetsi ezinik gaude, egia esan».
Amezketan eman diote atzo bertan hasiera hirugarren txanpari, gaur Bilbon dira, eta bihartik aurrera Goierri eta Tolosaldeko birari ekingo diote berriz. «Aralar ezagutzen duen edo ez duen jende guztia gonbidatuko nuke filma ikustera, Aralar ez baita gertuan dugun mendi soil bat». Bestelako kritikak ere iritsiko zaizkiela jakitun, oraingoz «onak» izan dituztela nabarmendu du Fontenlak. «Filmaren mezua garbia izan dela esan digu jendeak, eta ikuskizuna azkar pasa zaiela. Batzuk harrituta etorri zaizkigu, irudi guztiak Aralarren grabatuak ote diren galdetuz. Guretzat hau oso garrantzitsua da, Aralarko natur eta kultur ondarea babesteko, lehenik eta behin ingurua ezagutu behar baita».
Jaialdi handietarako deia
Eta tarte honetan, «ilusio handiz» hartu dituzten bi albiste jaso dituzte zuzendariek. Hastear den Bilbao Mendi Film Festival jaialdirako eta Alemaniako Natourale zinema jaialdiko sail ofizialerako aukeratua izan da Aralarri buruzko dokumentala.