Goierrin 9.711 lagunek hartu dute 'ahobizi' papera, eta 2.291k 'belarriprest'-ena. Eskualdeko 23 udalerrietatik 19k parte hartu dute. Euskal herritarren %7 izan da partaide; goierritarren %17. Eragina neurtuko da orain
Euskaraldiaren 11 egunak azaroaren 23tik abenduaren 3ra igaro ondoren, balorazioen eta emaitzen txanda da orain. Parte hartzeari dagokionez, Goierrin 12.002 herritarrek eman dute izena. Gehien-gehienak
ahobizi paperean aritu dira: 9.711 (%80,91).
Belarriprest-en portzentajea %19,09ra iritsi da, hala ere (2.291 lagun).
Oro har, Goierriko biztanleria osoaren %17,27k parte hartu du, aktiboki. Kontuan izan behar da, hala ere, 16 urtetik beherakoek ez direla erregistratu ekimenean. Euskal Herri osoan, 220.000 parte hartzailetik gora izan dira, biztanleria osoaren %7.
Emaitzak, udarako
Herrien inplikazioa ere ia erabatekoa izan da Goierrin. Eskualdeko 23 udalerrietatik, 19k eman dute izena Euskaraldian. Altzaga, Gaintza, Mutiloa eta Olaberria herri gisa ez dira aritu.
Parte hartze «masiboa» eta hizkuntza ohituretan «aldaketa» izan dituela Euskaraldiak esan dute arduradunek. Baina «hasiera» dela oroitarazi dute. Ikerketa egingo dute orain.
Lehen inkesta Euskaraldi aurretik egin zuten, orain ari dira bigarrenarekin, eta martxoan bidaliko dute hirugarrena eta azkena. Emaitzak 2019ko udan zabalduko dituzte.