«Debutekoa txapelketako partida izatea presioa da agian, baina lasai nago»
Abenduan 21 urte bete berri, pilotari profesional debuta bihar du Beñat Garmendiak (Beasain, 1997), Tolosako Beotibarren. Atzelari aritzen da. Lazkaoko Lapke eskolatik goraino iritsi den lehena da.Nola zaude debut aurretik?Ilusioarekin, hasteko izugar...
Abenduan 21 urte bete berri, pilotari profesional debuta bihar du Beñat Garmendiak (Beasain, 1997), Tolosako Beotibarren. Atzelari aritzen da. Lazkaoko Lapke eskolatik goraino iritsi den lehena da.
Nola zaude debut aurretik?Ilusioarekin, hasteko izugarrizko gogoarekin. Orain dela hiru hilabete sinatu genuen Asperekin kontratua, eta harrezkero itxaroten ari nintzen. Iritsi da.
Asko itxarondako eguna duzu?
Pilotari guztien ametsa debutatzea da. Txikitatik hori lortzen saiatu gara, eta iritsi denean, poza sentitzen dut. Larunbatean txapelketako partida da. Orduan, debutatzeko partidarako presio gehiago da agian. Baina oraindik nerbioak ez dira azaldu, eta saiatuko gara frontoira lasai joaten.
Sabelean tximeletarik ez?
Ez. Agian ez naiz kontziente zer datorren ere.
Sarrera asko eskatu dizkizute?
Gai horretatik aparte egon naiz, anaia eta arreba ibili dira horretan. Asko saldu direla esan didate; familian, lagunartean eta herrian. Jendea joango da debuteko partida ikustera, Tolosara. Animoak ez zaizkit faltako, eta hori eskertzen da.
Aspek zenbat denborarako egin dizu kontratua?
Bi urteko kontratua dut. Urrian sinatu nuen arren, urtarril honetatik aurrera hasiko da. 2019 eta 2020 urteak jokatuko ditut, printzipioz.
Bigarren Mailako binakako txapelketan hasiko zara [Ugalde eta Jaunarena aurkari, Etxeberria eta Garmendia bestetik]. Ez da hasiera makala.
Hori da. Txapelketako partida izanda, beti presio gehiago egoten da. Baina eguna iristeko gogoarekin gaude, eta edozer egiteko prest geundenez horretarako, edozer emango genuke.
Pello Etxeberria nafarra izango duzu aurrelari. 2017an ETB-LEPM txapelketaren finalera iritsi zinen harekin.
Gaztetatik ezagutzen dut. Bera urtebete gazteagoa da. Kontra asko jokatu dugu, batera ere bai. Asegarcerekin jokatu genuen 2017an, ETBren eta enpresen arteko txapelketa hartan. Oso ondo konpondu ginen. Frontoitik kanpora ere oso ondo moldatzen gara, eta horrek ere balio du.
Bereziki prestatu duzu larunbateko partida?
Fisikoki gehixeago prestatu gara. Baina, bestela, orain arte egindakoak balio beharko du.
Lazkaoko pilota eskolatik ateratako beste harribitxi bat zara. Zer dago Lapken?
Txikitan joan nintzen lazkaora, 6-7 urterekin hasi nintzen han pilotan. Osaba neukan direktiban, Pako Garmendia. Ikasitako guztia han ikasi dut, eta oso gustura ibili naiz. Lapketik profesionaletara iristen lehenengoa naizela uste dut, eta horregatik ere oso gustura nago. Etxekoengandik ere ikasi dut, bestetik.
Familian izan duzu pilotari tradiziorik?
Lehengusu zaharrago bat pilotan ibili zen, Asier Alonso ikaztegietarra; utzita dago jada. Osaba Pako ere ibili zen, eta bere semeak ere bai, nire lehenengusuak. Ni baino gazteagoak dira. Familiaren partetik etorri zait agian afizioa. Oroitzapena dut, etxean telebistan pilota ikusten egon, eta berehala jokatzera nola joaten nintzen. Poltsikoan beti pilota hartuta ibiltzen nintzen.
Baloiaren erreinuan hori.
Futbolean ere hasi nintzen, eta jubeniletan erabakitzeko unea iritsi zenean, pilota aukeratu nuen. Ez daukat damurik, noski.
Lagunartean eta, afiziorik izan duzue?
Kuadrillakoak futbolzaleak dira, baina utzita daukate jada. Frontoira etortzen dira eta jarraitzen naute. Pozgarria da niretzat.
Ikasten-edo ari zara?
Gasteizen, Magisteritzako laugarren urtea egiten ari naiz. Dena ondo badoa, aurten bukatuko dut karrera. Gero, irakasle izatekotan. Ikusiko dugu pilotako kontratua zenbat luzatzen didaten. Gu horretan saiatuko gara. Bestela, irakasle.
Beasainen edo Goierrin, nolako panorama dago, gaur egun, pilotarien aldetik?
Goierrin, eta, Gizpukoan, oro har, asko igo da maila. Gertuko pilotariak izateak asko egiten du. Lazkaoko klubean ume ikaragarri daude. Pilota grina asko piztu da, eta gaur egun osasun onean dago pilota.
Beste opilen bat bada labetik ateratzeko zorian?
Iraitz Zubizarreta. Laguna dut, afizionatuetan berarekin jokatu dut. Hari ere aurrekrontatua egin zioten, eta ea laster debutatzeko aukera duen. Baina aterako dira harribitxi gehiago.
Atzelaria zara. Asko kotizatzen dira gaur egun.
Bai. Atzelarien beharra dago orain. Atzelari jotzaileak bilatzen dira. Gu ez gara horrelakoak, baina gure armekin saiatuko gara besteei kontra egiten.
Zer dohain dauzkazu?
Pilota gutxi galtzen dugu, segurua naiz alde horretatik. Koadro bat gehiago jotzea falta zaidala esaten didate.
Nola lortzen da hori?
Besoak indartuta, gimnasioarekin… Fisikoki ondo zaudenean, orduan hobeto ematen zaiola egia da. Baina askotan berezkoa izaten da.
Zure idoloa Abel Barriola omen zenuen.
Bai, txikitatik bera izan da erreferentea, nire idoloa. Hura ere ez zen oso jotzailea, segurua zen. Frontoian erakusten zuen segurtasuna… Kanpoan nolakoa den ere asko eragiten du. Leitzan familia dut, eta ezagutzen dut Abel. Elkartu izan gara frontoitik kanpora ere. Jarraitzeko moduko eredua da.
Zer espero duzu pilota profesionalarengandik? Mundu horretan zer egin nahiko zenuke?
Orain, gure maila ematen saiatu. Gero, kontratua luzatzen baldin bada, hobeto. Ea urte batzuk jokatzen dugun. Orain, pilotarien ibilbideak motzak izan ohi dira, eta denbora gutxian asko demostratu beharra dago. Helburua hori izango da.