Aitor Zunzunegi eta Maud Combarieu Ordizian garaile
Ordiziako mendi maratoi erdiarekin amaitu da Goierri Kopa Trail liga. Aitor Zunzunegi eta Maud Combarieu izan dira Goierri Kopa Traileko irabazleak ere
Igandean, eguzkia ateratzearekin batera, 08:30ean, abiatu ziren Larraiztik gora, Ordiziako mendi maratoi erdiko partaideak. Aurretik, 20 kilometroko ibilbidea Larraiztik abiatu, Alotza igaro eta Igaratzara joan etorria. Lasterketa hasi berritan, haizetsu xamar zegoen giroa, antolakuntzako kideei ere lan pixka bat eman zielarik horrek, baina korrika egiteko, ez zen eragozpena izan, tenperatura goxoa, eta eguraldi lehorra.
Parte hartzea, urria, 72 korrikalari atera baitziren irteeratik, antolakuntzarentzat ere motz geratu dena, 200 dortsal baizeuden banatzeko.
Gizonezkoen artean, Aitor Zunzunegi legorretarra izan zen lehenengoa helmugaratzen, 1:45:33 denborarekin. Haren atzetik heldu ziren Xabat Pagola hernaniarra, bigarren postuan (1:49:10) eta Aitor Regillaga tolosarra hirugarrengoan (1:50:46).
Emakumezkoen kategoriari dagokionez, sailkapenaren norabidea aldatu egin zen lasterketako azken tartean. Irati Zubizarreta beasaindarra ibilbide guztian zehar aurretik ibili zen arren, beheranzko bidean bareak heldu zion eta hirugarren postuan (2:08:22) helmugaratu zen azkenean.
Lehenengo postu desiratua Urruñako (Lapurdi) Maud Combarieuk lortu du 2:07:10 denborarekin, eta haren atzetik Oihana Zubillaga sartu da (2:07:49).
Goierri kopa trail
Ordiziako hitzorduarekin, aurtengo Goierri Kopa Trail liga ere amaitutzat eman dute. Hiru lasterketek osatu dute aurtengo liga. Lehena, Zaldibian jokatu zen ekainaren 19an; bigarren proba, Idiazabalgo Axari Trail, irailaren 12an; eta hirugarrena eta azkena, Ordiziakoa, igandean jokatu zena.
Sailkapenari dagokionez, honela geratu dira Goierri Kopa Trailko lehen postuak. Gizonezkoen artean, irabazlea, Aitor Zunzunegi Tapia legorretarra izan da, 116 punturekin. Bigarren geratu da, Martxel Bereau Beleztena hondarribitarra, 82 punturekin, eta hirugarren, Iñaki Olano Orbegozo Altzokoa, 50 punturekin. Emakumezkoen artean, berriz, Marieu Combarieu (Behobia-Urruña) izan da aurtengo Goierri Kopa Trail ligako irabazlea, 140 puntu gehitu eta gero. Bigarren izan da Janire Lope Irastorza zaldibitarra, 112 punturekin, eta hirugarren postuan geratu da, Oihana Kortazar Aranzeta mutrikuarra, 100 punturekin.