Agenda 2030 audientzia egin dute gaztetxoek
Eskola Agenda 2030 egitasmoaren barruan, 15. Garapen Jasangarriko Helburuaren inguruko lanketa egin dute Oianguren, Jakintza eta Urdanetako ikasleek, hain zuzen ere, zelaiak, larreak eta landare-itsutasunaren bueltan aritu dira. Lanketa horren ondorioak, konpromisoak eta proposamenak Adur Ezenarro alkateari eta Maitane Alvarez alkateordeari helarazi zizkioten atzo Ordiziako udaletxean egin zuten audientzian.
Egindako lanketako ondorioetako bat izan da belardietan jolasten asko gozatzen dutela eta bertan animalia ugari bizi direla. Alderdi txarrak ere ikusteko aukera izan dute lanketa honi esker, besteak beste, belardi batzuetan jendeak zaborrak botatzen dituela. Herriko belardien inguruko kezkak ere helarazi dituzte, hala nola, azken hamarkadetan desagertu diren belardi eta larreei erreferentzia eginez.
Konpromisoak ere hartu dituzte gazteek: «Gutxiago kutsatuko dugu eta zaborra ez dugu lurrera botako».
Udalak esker onez hartu ditu ikasleen ekarpenak. «Guretzako oso garrantzitsua da zuen ikuspegia. Udalak konpromiso irmoa du jasangarritasunarekin eta gure udalerriarekin, horregatik lanean jarraituko dugu».