Larrañaga drogeriaren agurra 77 urte eta gero
Mota honetako azken saltokia zenak, otsailaren 29 itxi zituen ateak. Milagros Aldalur eta Jose Luis Larrañaga saltokiaren arduradunak izandakoak, dendaren ibilbideaz eta historiaz mintzatu dira.
Oroitzapenak gogora ekartzeko egunak eta asteak izan dira Beasaingo Larrañaga drogerian. Erakusleihoan zintzilik zuten kartelean iragartzen zuen ateak itxiko zituela laster; Likidazioa erretiroagatik irakur zitekeen. Milagros Aldalurrentzat, 2004tik negozioaren arduraduna izan dena, otsailaren 29a izan zen azken lan eguna. Hala, 77 urteko historia duen saltoki enblematikoaren argiak itzali ziren.
«Sentipen kontrajarriak ditut, gaurkoa [otsailak 29] egun desberdina izaten ari da», deskribatu du Aldalurrek, 13:00etan puntuan ateak itxi eta gero, goiz osoan zehar lanean eta bezeroak agurtzen pasa ondoren. «Espero baino jende gehiago inguratu da azken asteetan, batzuk, geratzen ziren azkeneko produktuak erostera, eta beste batzuk, albisteagatik harrituta, zerbait gehiago jakin nahian», azaldu du azken egunetako martxaz.
Milaren senarra, Jose Luis Larrañaga (Beasain, 1956), negozioaren sortzailearen semea da. Bere eta bere familiaren historiaren parte da denda, bertan hazitakoa da eta bertan lan egin zuen urte askoan ere. 1987an hartu zuen bikoteak negozioaren ardura, aita, dendaren sortzailea, erretiratu zenean.
Emakumeei aitortza
Beasaingo Kale Nagusiko 1 zenbakitik, herrigunearen bilakaeraren lekuko izan den saltokiaren eta bertan lan egin dutenen lekukotza utzi nahi izan dute drogeriaren itxieraren egunean. Gerra ostean, 1947 urtean ireki zuen negozioa Jose Luisen aitak, Juan Larrañagak, hala ere, dendaren martxan «emakumezkoek» izan duten protagonismoa balioan jarri eta bertatik pasa diren lau emakumezkoei aitortza egin nahi izan die sortzailearen semeak. «Nire amak, hiru izebak eta emazteak lan egin dute dendan. Eurek egindako lanari esker 77 urteko ibilbidea izan du Larrañaga drogeriak».
Dendaren kronologian sartu nahi izan du ondoren. «Aitak bokazioa zuen. Denda hau ireki aurretik, drogeroaren ofizioa ezagutu ahal izan zuen osaba batekin. Soldaduskatik bueltatu eta lanik gabe denbora bat egon ostean ireki zuen negozioa», kontatu du semeak. Urte batzuetan, nagusiak, arreba Ageda laguntzaile izan zuen dendako zer eginetan. «Garai hartan, etxerako eta industriarako drogeriako produktuak eta perfumeriako produktuak ontziratu gabe saltzen ziren, eta bertan ekoitzitako produktuak ere bai», deskribatu du bertan egiten zen jarduera. «Etxean egiten zirenen artean, xaboi bat, gaur egun arte jarraitu dugu egiten. Jende asko etortzen zen erostera, inguruko herrietatik ere», erantsi du Milagrosek.
Drogeriako eta lurrindegiko salmentarekin batera, jostailuen atal bat ere izan omen zuten. Azken hau baina, kendu egin zuten «merkataritza espezializatzen hasi zenean».
1950 urtean, arreba Iñasi gehitu zitzaien. Jose Luisek oraindik ondo oroitzen du izeba Iñasik dendan zuen postutxoa. «Josteko makinarekin galtzak konpontzen hasi zen eta herriko emakume asko inguratzen zen», kontatu du.
Kontsumismoaren aroan zaila da horrelakorik aurkitzea inon. 1956 urtean ezkondu zen Iñasi, eta ahizpa Pepitak hartu zion erreleboa galtzak konpontzen. «Herriko emakume guztiek ekartzen zituzten galtzak konpontzeko», oroitu du. Jose Luisen ama, Josefa Zabaleta, 1951 urtean hasi zen bertan lanean, negozioaren sortzailearekin ezkondu eta gero, eta bertan lan egin zuen 1995 urtera arte.
Betiko dendak galtzen
Aranburu zapata denda, Yañez… Asko dira azkeneko urteetan arrazoi bat edo beste tarteko, poliki-poliki desagertzen joan diren ‘betiko’ saltokiak, eta orain, Larrañaga drogeriaren txanda izan da.
Bai, betiko denda horietako bat zen Larrañaga, dendariak zure izena ezagutzen duen horietakoa, edozein arazorentzat soluzioak zituena. «Azkeneko urteetan dendaren martxa asko aldatu da. Kale nagusian ibilgailuak bi noranzkoetan ibiltzen ezagutu genituen, peatonalizatu zutenean asko nabaritu genuen, eta bai, urteak aurrera egin ahala, erosteko ohiturak ere asko aldatu dira, horregatik eta garaia iritsi delako, agur esateko momentua iritsi da. Dendari lotuta bizi osoa egin ostean, bidaia berriak egiteko txanda da» agurtu dira.