Igartza Saria, Espainiako Kopako proba Beasainen
Emakumezkoen txirrindularitza lasterketa da, bost mailatan banatuta: Kadete, junior, master, 23 urtez azpikoak eta elite maila. 23 kilometroko zirkuitua prestatu du Loinatz Txirrindularitza Elkarteak.
Olatz eta Eguzkiñe Romaratezabala ahizpek Beasaingo IV. Igartza Emakumeen Sarian parte hartuko dute igande honetan. Ez dira Zatika-Goierri taldean ari diren goierritar bakarrak, beste hiru ere badaude: Oneka Sanchez beasaindarra, Arene Perez mutiloarra eta Lur Zufiria ormaiztegiarra.
Loinaz Txirrindulari elkarteak 23,4 kilometroko ibilbidea prestatu du. Txirrindulariak Beasaindik Ormaiztegira joango dira. Lierni igo ondoren, Mutiloara jaitsiko dira eta Olaberrira igoko dira Ihurretik. Bukatzeko, Beasainera itzuliko dira Lazkaotik.
Kadete mailako txirrindulariak itzuli bakarra egingo dute, junior eta master mailakoek bi itzuli egingo dituzte (48,1 kilometro) eta 23 urte azpikoek eta Elite mailakoek hiru (73 kilometro).
Junior eta master mailako txirrindulariak 09:00etan abiatuko dira Nafarroa etorbidetik eta 10:15ak aldera helduko dira helmugara. 23 urte azpikoak eta elite mailakoak 10:45ean abiatuko dira eta irabazlea 12:40ak aldera helduko da helmugara. Bukatzeko, kadete mailakoak 13:15ean abiatuko dira eta irabazlea 13:50ak aldera iritsiko da helmugara.