Urola futbol taldeko 369 jokalarien kromoak salgai jarriko dituzte hilaren 11n
Ehunmiliakeko igandean abiatuko da, goizeko 09:00etan
Kromo bildumaren aurkezpena abenduaren 9an egingo dute Areizaga-Kalebarrenen. Eibarko eta Realeko bina jokalari egongo dira. Bildumaren banaketari egun horretan ekingo diote
Urolako 369 jokalariak, entrenatzaileak zein zuzendaritzako kideak agertuko dira futbol klubak abenduaren 9an Zumarragan aurkeztuko duen bilduman. Aurkezpena egin eta bi egunera hasiko dira kromo zorroa euro batean saltzen Urretxuko eta Zumarragako sei salmenta puntutan. Egitasmoarekin «ilusioa» sortu nahi du Urolako zuzendaritzak jokalariengan. «Kromo hauetan jokalari guztiak aterako dira; ez da jokalari famatuen bilduma, bertakoena baizik».
Aurkezpena Areizaga-Kalebarren plazan egingo dute 18:30ean. Eguraldi txarra eginez gero, Zumarragako Euskadi plazako arkupeetan izango da. Dani Garcia Eibarko jokalari zumarragarra bertan egongo da eta bere taldeko Raul Albentosa ere bai. Realeko Nerea Gabilondo urretxuarra bera eta Idoia Agirre futbolariek parte hartuko dute aurkezpenean.
Bildumak banatzeko lehenengo eguna izango da aurkezpenekoa. Urolatik jokalariei taldeko elastikoa jantzita eramatea eskatu diete, bilduma taldekideen artean soilik banatuko dutelako egun horretan. Aurrerago jokalari ez direnek eskuratu ahal izango dutela baieztatu dute.
Kromoen salmenta guneak honakoak izango dira: Golo-disk, Urki, Aitxu, Goxogi, Osogoxo eta Frutos Secos. Kromo zorro bakoitzean zazpi kromo egongo dira. Kromoak erosten dituztenen artean hainbat zozketa egingo dituztela aurreratu dute Urolakoek: elastikoak, baloiak, telebistak eta Gipuzkoa mailan bi bidaia zozkatuko dituzte.
Futbolaren aurpegiak
Urolako zuzendaritzak futbolak ilusioaz gain, bestelako portaerak eragiten dituela badakite: «Entrenatzaile gero eta profesionalagoak ari dira gurekin lanean, eta jokalarien arteko portaera krudelak zein bidegabeak ez dituzte inondik inora onartzen».
Real eta Eibar taldeetatik inportatu dute entrenamenduetako metodologia. Entrenamenduekin lotuta, Urolako zuzendaritzak euskararen erabilerari bultzada eman nahi dio, eta entrenatzaileei euskara jakitea eskatzen diete eta jokalariekin euskaraz aritzea zelai barruan zein kanpoan.
Urolak beste erronka bat ere badauka zuzendaritzakoen arabera: «Egun hamabost neska daude Urolan eta guk askoz gehiago izatea nahi dugu».
Horrez gain, Futbol Eskolakoek urtean jokatzen dituzten partidekin ere kezkatuta daude. Izan ere, diotenez, inguruko herri txikietako taldeetara lotzen ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak partiden egutegiak osatzerakoan. Zuzendaritzakoek aldundiari kopuruz antzeko taldeak dituzten herri handiagoetako taldeekin lotzea eskatuko diote aldundiari, hala partidak parekatuagoak izango direla uste dute.