Zegamarren iritzia jasotzeko herri galdeketa martxan jarri du EH Bilduk
Datorren udal hauteskundeei begira, herritarren iritziak eta ekarpenak jaso nahi ditu Zegamako EH Bilduk. Horretarako, hamazazpi ataletan banatutako galdetegia prestatu dute: hizkuntza, kultura, hirigintza, turismoa... «Zegamarren iritzia eta ekarpena...
Bi modu daude galdetegia betetzeko. Batetik, www.zegama.ehbildu.eus webgunean erantzun daitezke galderak. Galdetegia anonimoa da, eta adina eta generoa baino ez dira jakinarazi beharko. Bestetik, webgune berean, galdetegia deskargatu eta inprima daiteke, paperean bete ahal izateko. Paperean betez gero, Tartalo-etxe atarian jarritako buzoian bota daiteke.
Parte hartzeko deia egin die EH Bilduk herritar guztiei. «Udal parte hartzailea nahi dugu, herritarrei irekita egongo dena Zegama justuagoa, hobeagoa eta biziagoa eraikitzeko».
Otsailaren 7an batzarra
Galdeketan jasotako ekarpenekin hauteskundeetarako programaren zirriborroa prestatuko du EH Bilduk, eta herri batzarrean aurkeztuko dute. Otsailaren 7an izango da herri batzarra, 10:00etan, kultur etxean. Hori dela eta, galdetegia bete nahi izanez gero, egun hori baino lehen egitea komeni da.