Azeriak jai giroan jarraituko du
Larunbatean bota zuten txupinazoa Idiazabalen, eta hainbat ekitaldi egin dituzte asteburuan. Gaur txirrindulari lasterketa eta paella jatea izango dira, besteak besteLarunbatean jaitsi zuten azeria Idiazabalgo udaletxeko balkoitik, eta jai giroan murgi...
Larunbatean bota zuten txupinazoa Idiazabalen, eta hainbat ekitaldi egin dituzte asteburuan. Gaur txirrindulari lasterketa eta paella jatea izango dira, besteak beste
Larunbatean jaitsi zuten azeria Idiazabalgo udaletxeko balkoitik, eta jai giroan murgilduta daude herritarrak ordutik. Pregoian herri titulua lortu zuteneko 400. urteurrena izan zuten gogoan herritarrek. Eta behin txupinazoa botata, hainbat ekitaldi izan ziren asteburuan. Nabarmentzekoa da, esaterako, lehen aldiz sagardo afaria egin zutela larunbat iluntzean pilotalekuan. Jende ugari bildu zen, eta Goierriko sagardoa ziritik edateko aukera izan zuten.Igandean, berriz, marokoar jana probatzeko aukera izan zen. Kuskusa, arkumea almendrekin, oilaskoa olibekin eta beste hainbat jaki prestatu zituzten Isuriaren elkarteko kideek, eta plazako karpa jendez bete zen eguerdian. Harrera ezinhobea izan zuen egitasmoak, eta jendea denetik probatzera animatu zen. Idiazabaldarrek marokoar gastronomiaz gozatzeko aukera izan zuten, eta etorkinek herriko jaietan aktiboki parte hartzekoa.
Atzo egun lasaia izan zen herrian, asteburuan gastatutako indarrak berreskuratzeko. Haurrek, ordea, gogoz parte hartu zuten play-backean, txokolate beroa hartu ondoren. Era guztietako abestiak aukeratu zituzten, eta aurrez ederki prestatutako dantzak egin zituzten, gainera. Talde bakoitzak jantzia ere landu zuen, eta jendez bete zen plaza.
Bihar Egaña eta Lizaso
Gaur kuadrilen eguna da Idiazabalen. Eguerdian herriko txirrindularien lasterketa izango da. 14:30ean, berriz, paella jatea egingo dute plazan. Bentazaharreko Mutiko Alaiek girotuko dute bazkalostea. Arratsaldean herriko gazteen pilota txapelketako finalak eta kuadrilen arteko jokoak izango dira Igarondon. Iluntzean, bestalde, Trakets musika taldeak kontzertua eskainiko du, 19:30etik 21:30era eta 22:30etik 01:00era.
Bihar, jaien azken egunean, 400. urteurreneko ekitaldi instituzionala eta hamaiketakoa izango dira goizean. Eguerdian, berriz, Andoni Egaña eta Sebastian Lizasoren bertso saioa. Iluntzeko zortzietan igoko dute azeria berriro udaletxera, jaiei amaiera emateko.