Martxoaren 9tik 16ra antolatu du kultur astea Lazkao Txiki musika eskolak. Lehenengoz egingo dute euskal kanten lehiaketa, martxoaren 13an.
Lazkao Txiki musika eskolak bigarren urtez antolatu du kultur astea, Gerriko kultur elkartearekin eta udalarekin elkarlanean.
Musika ikasiz, entzunez, eskainiz hazi lemapean, musikarekin lotutako ekintzak izango dira martxoaren 9tik 16ra: tailerrak, emanaldiak, hitzaldiak eta abar.
Aurtengo berrikuntza nagusia euskal kanten lehiaketa izango da, martxoaren 13an. Gaztetxoek zein helduek parte har dezakete, gehienez bost laguneko taldetan. Euskal kanta bat aukeratu eta hura abestea izango da erronka. Parte hartzaileek instrumentu bat erabiltzeko aukera izango dute, kantaldia laguntzeko. Instrumenturik ez dutenen kasuan, berriz, base bat erabiltzeko aukera emango zaie. Martxoaren 5era arte zabalik dago lehiaketan izena emateko epea. Guztira gazteen hamar taldek eta heldun zortzik parte hartu ahal izango dute.
Gerriko kultur elkartearekin elkarlanean antolatu dute euskal kanten lehiaketa. Duela urte batzuk Gerrikok Gabonetako kanten lehiaketa antolatzen zuen abenduan, baina Gabonetako kanten errepertorioak mugak zituela ikusi zuten. Hori dela, lehiaketa euskal kanta guztiei zabaltzea pentsatu zuten, eta musika eskolari egin zioten proposamena, kultur astearen barruan lehiaketa bien artean antolatzeko. “Elkarlanaren bidez aberasten da gure kultura, eta elkarrekin lan eginda aterako dugu aurrera”, adierazi du Joxepa Madariaga Gerrikoko kideak.
Tailerrak. Ikasteko helburuarekin, bi tailer antolatu dituzte. Bata,
Zinea eta musika izenekoa. Zinean musika nola erabiltzen den ikasteko aukera izango da tailer horretan, Beñat Barandiaranen eskutik. Bi saio izango dira: martxoaren 10ean musika zinean nola sartu ikasiko dute, eta martxoaren 11n grabaketa bat egingo dute. Bakoitzak bere instrumentua eramateko aukera izango du, baina entzule gisa ere joan daiteke. Martxoaren 5a baino lehen eman behar da izena.
Bigarren tailerra haurrei zuzendutakoa da:
Kotidiafano tailerra. Martxoaren 11n izango da, eta eguneroko elementuak erabilita instrumentuak egiten ikasiko dute, adibidez, botilekin.
Musika kalean. Kultur astean nabarmentzeko beste ekintza bat martxoaren 12koa da. Musika kalera aterako dute musika eskolako ikasleek, eta hainbat emanaldi eskainiko dituzte herriko txoko ezberdineatan. Trikitilarien kalejirak ere izango dira, baita Konboen kontzertua ere. “Musikak hartuko ditu kaleak bost orduz jarraian, 16:30etik 21:00etara”, adierazi du Aitor Biain musika eskolako zuzendariak.
Beste hainbat ekintza ere izango dira kultur astearen barruan, adibidez, Joan Mari Beltranen hitzaldia txalapartaren inguruan, eta herriko abesbatzen emanaldia. “Uste dugu denentzat interesgarria izango dela”, esan du Biainek.
EGITARAUA.
Martxoak 9, astelehena.
- 17:00. Musika eskolako hasi berrien kontzertua. Kultur etxean.
- 19:00. Musika eskolako helduen kontzertua. Kultur etxean.
Martxoak 10, asteartea.
- 14:30 eta 15:30. Piratak, altxorraren bila! kontzertu didaktikoa, Ikastolako ikasleentzat.
- 17:00. Nola sartu musika zinean tailerra (1. zatia).Musika eskolan.
- 19:00. Joan Mari Beltranen hitzaldia. Txalaparta eta bere bilakaera. Gerriko txokoan.
Martxoak 11, asteazkena.
- 16:30. Kotidiafono tailerra. Plazako pergolan.
- 18:30. Pelikula baten musika grabatu eta zinean erakustaldia tailerra (2.zatia). Arerian.
Martxoak 12, osteguna. Musika kalean.
- 16:30. Batukada, perkusio ikasleen eskutik. Plazan.
- 17:15. Biolin eta akordeoi ikasleen erakustaldia. Skate parkean.
- 18:00. Zeharkako txirula, saxo eta klarinete ikasleen erakustaldia. Lazkao Txiki plaza atzean.
- 18:30. Jun da jo txarangaren kalejira.
- 19:30. Konboen kontzertua. Amets kanpoan.
Martxoak 13, ostirala.
- 18:30. Euskal kantuen lehiaketa. Arerian.
Martxoak 14, larunbata.
- 12:00. Ahotsaren eguna. Lazkao Txiki musika eskolako abesbatzen eta Orobionen eta Kantaka abesbatzen emanaldia. Areria kanpoan.
Martxoak 15, igandea.
- 12:30. Txaston taldearen jazz kontzertua. Pilotalekuan.
Martxoak 16, astelehena.
- 18:30. Gitarra eta piano ikasleen erakustaldia. Kultur etxeko erakusketa gelan.