Euskal Bidean «indarrak batzeko» dei egin die goierritarrei EH Bilduk
«Askatasuna irabazteko» abiatu dute Euskal Bidea EH Bilduk eta EH Baik. BECera joateko gonbita egin diete goierritarrei. Gaur, errepideetara aterako dute aldarria«Irtenbide errealista bakarra Euskal Estatu independentea delako» EH Bilduk eta EH Bai...
«Askatasuna irabazteko» abiatu dute Euskal Bidea EH Bilduk eta EH Baik. BECera joateko gonbita egin diete goierritarrei. Gaur, errepideetara aterako dute aldarria
«Irtenbide errealista bakarra Euskal Estatu independentea delako» EH Bilduk eta EH Baik mahai gainean jarri duten Euskal Bidera batzeko deia luzatu zuten atzo Goierriko EH Bilduko kideek prentsaurrean.Nazioartean eta Euskal Herrian egoera politiko «erabakigarria» bizi dugula sinetsita, «bere buruaren jabe izateko» bidea abiatu duten herriak aipatu zituen Axular Barandiaran EH Bilduko bozeramaileak agerraldian. Irlanda, Eskozia, Katalunia nahiz Grezia adibide, «herrien bidea herritarren urratsetan eta erabakietan» dagoela aldarrikatu zuen.
Euskal Bidearen proposamena «askatasuna irabazteko» abiatu dutela azaldu zuen: «Aspaldian hasi zen bidea osatzen, noski, baina gaur eta hemen gure betiko helburua begi argiekin ikusten dugu: oso urrun heldu gara eta independentziaren ametsa errealitate bihurtzeko sekulako aukera dugu».
Gauzak horrela, «indarrak batzeko» dei egin zuen, biderik eraginkorrena «bidelagunen multzo handia» osatzea delako.
BECen larunbat honetan egingo den ekitaldira joateko gonbita egin zien herritarrei. BECen Euskal Bidean sakontzeko urratsa emango dela iragarri zuen Barandiaranek: «BEC plaza handi bihurtuko dugu, herritarren plaza. Bertaratuko diren 10.000 lagunak izango dira protagonista, baita Goierritik joango garen guztiok ere».
Autobusak herriz herri
Larunbatean Barakaldora joateko autobusak antolatu dituzte Goierriko herritatik. Ostiralera arte eman ahal izango da izena ondoko lekuetan: Legorretan Olason; Itsasondon Kaxintanen; Ordizian Herrikoan, Alkartetxean eta Pottokan; Zaldibian Joxepanen eta Illatin; Beasainen Arranon eta Basakanan; Lazkaon Herrikon eta Albokan; Ataunen Troskaetan; Seguran Elorripen; Zegaman Itzalan; Urretxun Motz eta Apatxen; Zumarragan Amalur eta LABen egoitzan; eta Legazpin Lekanazpi, Kukue, Karibe Zaharra eta Oilarran.
Larunbatekoa «sorpresaz beteriko ekitaldia» izango dela ziurtatu zuen EH Bilduko kideak eta nagusi izango dela «independentziaren aldeko oihua».
Errepideetan hitzordua
Aldarrikapena Goierriko errepideetan zabalduko du EH Bilduk. Hiru auto karabana antolatu dituzte: Ataungo San Martigo plazatik abiatuko da bat; Ormaiztegiko zubi azpitik, bestea; eta Legazpiko plazatik, hirugarrena. «Independentziarako euskal bidea Goierrin ere bidea egiten ari dela» erakutsi nahi dute gisa horretan.