Gerdauren Legazpiko instalazioak erabiltzeko hitzarmena onartu dute
Enpresak, Udalak, Sprilurrek eta Aldundiak parte hartuko dute prozesuan. Plazako lurrazpiko aparkalekuaren erabilera arautuko duen ordenantza ere onartu duteLegazpiko Udalak hitzarmen bat sinatuko du Gerdau enpresarekin, Sprilurrekin eta Aldundiarekin ...
Enpresak, Udalak, Sprilurrek eta Aldundiak parte hartuko dute prozesuan. Plazako lurrazpiko aparkalekuaren erabilera arautuko duen ordenantza ere onartu dute
Legazpiko Udalak hitzarmen bat sinatuko du Gerdau enpresarekin, Sprilurrekin eta Aldundiarekin enpresak Legazpin dituen instalazioei erabilpena emateko. Hitzarmena apirila erdialdean sinatuko dute. 2009an Gerdauk Basaurira, Azkoitiara eta Gasteizera eraman zuen ekoizpena eta ordutik Legazpiko fabrika biltegi bezala bakarrik erabiltzen du. Gerdauk 145.000 metro koadroko lur saila du Legazpin.Hitzarmenak alderdi guztien oniritzia jaso zuen asteazkeneko osoko bilkuran. Hilabeteko epean Eusko Jaurlaritzaren Sprilur sozietateak egitasmoaren aurrekontua prestatuko du. Gerdauk oniritzia ematen badio (proiektua enpresak ordaindu behar du), Sprilurrek egitasmoa garatuko du. Ondoren, Gerdauk hiru hilabete izango ditu proiektua aztertzeko. Gai hau aurrera eramateko batzorde bat osatu behar dute bertan alde guztiek izango dute ordezkaritza.
Kepa Urtzelai alkateak hitzarmenaren helburua Gerdauren instalazioetan beste enpresa batzuk ere lan egitea dela esan zuen. Berak ez zuen bozketan parte hartu, Gerdauko langilea baita. Arrazoi beragatik, Sagrario Etxabe zinegotziak sinatuko du hitzarmena udalaren izenean eta ez alkateak.
Lurrazpiko aparkalekua
Osoko bilkuran plaza azpiko aparkalekuaren erabilera arautuko duen ordenantza ere onartu zuten. Hemendik aurrera, 07:00etatik 17:00etara orduko 10 zentimo ordaindu beharko da eta 17:00etatik 21:00etara orduko 20 zentimo. Gauez doan izango da. Gainera, udaltzaingoan salduko duten txartel baten bitartez ordaindu ahal izango da. Txartel hau eskuratzen dutenek ez dute txanponik behar izango ordaintzeko. Autoa sartzen dutenean ordu kopurua zehaztu beharko dute, baina lehenago itzultzen badira, igarotako denbora bakarrik ordainduko dute.
Udalbatzan, sahararren aldeko mozio bat eta gizarte zerbitzuen eta osasun zerbitzuen elkarlanerako protokoloa ere onartu zituzten. Bestalde, EAJk urgentziazko mozio bat aurkeztu zuen Koldobike Olabide alkategaiaren aurkako kartelak salatzeko. Bilduko zinegotziek gaia ez zela urgentziazkoa esan zuten eta ez zen aztertu.