Hitzaren eta Otamotzen webguneak goraka
Goierriko Hedabideen webguneek emaitza onak lortu dituzte 2015. urteko lehen hiruhilekoan. Hitzaren kasuan, %61 igo da erabiltzaile kopurua, eta %64 ikusitako orrialdeena. Otamotzen kasuan, berriz, %75 erabiltzaile gehiago izatea lortu da, eta hasierako saioak %46 gehitu dira.
Igoera hau hiru hilabeteetan nabaritu bada ere, are nabarmenagoa izan da martxoan, batez ere, Korrikari egindako jarraipenari esker. Izan ere, Hitzaren webgunean bisita gehien izan duen albistea, Korrika Goierrira iritsi zenekoa (3.819 bisita) izan da. Haren atzetik daude militarrek Lazkaon egindako maniobren ingurukoa (1.989 bisita) edota Garikoitz Mujika aske utzi zutenekoa (1.202). Bideoetan ere Korrikak izan du arrakastarik handiena, 4.283 bisitarekin.
Otamotzen webguneari dagokionean ere, Korrikarena izan da albisterik ikusiena (1.089 bisita); haren ondoren daude Deskargako tunelaren irekiera (646) eta Oihane Zabaleta alkategai izango dela iragartzen zuen albistea (546).