Eskola txikien sendia, hazten
Goierriko eskola txikiek Gabirian ospatu dute urteroko festa. Orain arteko lau herrietakoei bat gehiago batu zaie, Ezkio-Itsasokoa. Lehen aldiz parte hartu dute haiek topaketan. Ekainean Gipuzkoako festa ospatuko da.Festa xumea egin zuten, joan zen lar...
Goierriko eskola txikiek Gabirian ospatu dute urteroko festa. Orain arteko lau herrietakoei bat gehiago batu zaie, Ezkio-Itsasokoa. Lehen aldiz parte hartu dute haiek topaketan. Ekainean Gipuzkoako festa ospatuko da.
Festa xumea egin zuten, joan zen larunbatean, Gabirian. Urteroko legez, Goierriko eskola txikietako haurrak, irakasleak eta gurasoak elkartu ziren. Jolastu, elkarrekin hitz egin, askaldu eta txikitasun ugariren artean ekimen handia osa dezaketela erakustea —eta eurak horrekin jabetzea—ziren helburuak. Asmo horrekintxe, baina Gipuzkoako eskalara eramanda, errepikatuko da Eskola Txikien Festa ekainaren 14an, Gabirian bertan.Maiatzeroko juntadizoan kide berriei ongietorria egin zieten, lehengoan. Ezkio-Itsasoko Herri Eskolakoek lehenengo aldiz parte hartu dute halako topaketa batean. Irailean ireki zuten eskola berriz, hamarkada askoan batere gabe egon ondoren. Hamar neska-mutiko dabiltza, eta datorren ikasturterako zazpi haur gehiago daude matrikulatuta. Eskola lehengo udaletxean egokituko die udalak, gainera. Orain Santa Lutzi Zahar etxean daude.
Goierriko eskola txikien festaren ohiko lau osagaiei gehitu zaizkie itsasoarrak eta ezkiotarrak: Zerain, Olaberria, Gabiria eta Itsasondoko herri eskolei. Aurrerantzean, bost urtean behin egingo da herri bakoitzean bailarakoen arteko elkarketa. Datorren urtekoa antolatzeko lekukoa Itsasondok hartu du.
Jolas artean, ezagutza
Eguraldi eguzkitsua zegoenez, Gabiriako plazan garatu zuten festatxoa, larunbat arratsalde partean. Jolasak egin zituzten haurrek: aulki jokoa, zaku karrera, txapekin… Herri txikietako haurrek elkar ezagutzea eta harremanak estutzeko bide bat jartzea zen egitekoa. Helburu komuna, berriz, herri txikietan eskolak duen garrantzia gogoraraztea, eta horri eustea.
Ekainaren 14an Gipuzkoako 26 eskola txikitako lagunak bilduko dira. Tartean, han izango dira Goierriko bost herrietakoak. Karpa handi batean 400 lagunentzat bazkaria izango da; izena biharko eman behar da.