Itsaso-Deikaztelu linearen aurka bildu dira alkateak Altsasun
Gasteizko Gobernuari eta Nafarroakoari eskaera argia egin diete tentsio altuko arginda lineak kaltetzen dituen hainbat alkatek: eska diezaiotela Industria, Energia eta Turismoko Ministerioari 2015-2020 Sektore Elektrikoko Garraio Sarearen Planifikaziotik Itsaso eta Deikaztelu arteko goi tentsioko linearen proiektua kentzeko. Proiektuak kaltetutako alkateek Altsasun egin dute batzarra gaur eguerdian eta bertan izan dira Goierriko hainbat udal ordezkari ere. Hain justu ere, Mutiloa, Zerain eta Segurako udalek sinatu dute tentsio altuko linearen aurkako oposizioa jasotzen duen adierazpena.
Altsasun bertan elkartu ziren 2013ko maiatzean lineak kaltetzen dituen 174 herrietako alkateak proiektuari erabateko oposizioa erakusteko; akordio bat sinatu zuten eta idatzi haren bidez, proiektuaren tramitazioa geldiarazteko eskatu zioten Industria eta Energia Ministerioari, sektore elektrikoko planifikazio berria onartu bitartean.
Ministerioak ez zion inolako kasurik egin eskaerari eta tramitazioarekin jarraitu zuten, Nafarroako eta Gipuzkoako 32 herriengan eragina duen proiektua informazio publikoan jarriz. Horren ondoren iritsi ziren 14.000 alegazio.
Gaurko agerraldian azaldu duten gisan, 2015-2020 Garraio Sarearen Planifikazioa jasotzen duen dokumentuak gaur egungo lineak berrindartzea jasotzen du, Nafarroa eta Gipuzkoarako aurreikusitako beharrak estaltzeko eta Itsaso eta Deikaztelu arteko 400kVko linea “Freantziara esportatzeko goi mailako programa” aitzaki hartuta. “Honek sustatzaileek esan bezala Lizarra aldea hornitzen laguntzeko balioko zuen Deikazteluko subestazioa, planifikaziotik desagertzea ekarriko luke”, azaldu du Iñaki Ugalde Mutiloako alkateak.
Hala, 2011ko abuztuan proiektua aurkeztu eta lau urtera linea bertako herrien beharrak asetzeko ez dela “argi gelditu” dela uste dute Altsasun elkartu diren alkateek. “Estatu espainiar eta frantziarraren arteko lotura handitzeko da linea. 127 kilometroko autopista elektrikoa, erabat bateraezina da pasatzen den eskualdeetako garapen aurreikuspenekin. Horrez gain, ingurumenean, osasunean eta ehun produktiboan eragin bortitza ekarriko du”, esan du Ugaldek.