Bola jokoa, hiriburua galtzeko arriskuan
Bola jokoak indar handia du oraindik Goierrin, baina dagoeneko herri handi bakar batean jokatzen da: Legazpin. Gazteek lekukoa hartzen ez badute, Goierriko bola jokoa hiribururik gabe geldituko da.Bola jokoak tradizio handia du Goierrin. Kirol honek gu...
Bola jokoak tradizio handia du Goierrin. Kirol honek gure eskualdean eta Donostia inguruan du indar gehien. Baina hemen ere ahultzen hasia da. Dagoeneko, herri handi bakar batean jokatzen da: Legazpin. Eta Danantzako taldekoek ez dakite luzaroan eutsiko dioten. Gazteek lekukoa hartzen ez badute, Goierriko bola jokoak bere hiriburua galduko du eta kirol hau desagertu egingo da Goierri garaian. Danantzako taldeko bolariek Mauleon hotelaren ondoko bolatoki ederrean entrenatzen dute. Txapelketak ere antolatzen dituzte. Azkena, Agorreko Santikutzetan. Bertan, Gipuzkoa osoko bolariak elkartu ziren. Tartean, Pedro Agirre legazpiarra. Tradizio luzea Agirrek bola jokoak Legazpin tradizio luzea duela esan zuen. «Gure taldeko kide batzuek 60 urte baino gehiago daramatzate bolatan jokatzen. Eta beraien aurretik, beste batzuk zeuden. Diotenez, duela 100 urte ere bolatan jokatzen zen Legazpin». Danantzako elkarteko bolariak oso harro daude 80 urte beteta dituzten bolariak izateaz, baina gazte faltak kezkatzen ditu. «70 eta 80 urte arteko sei edo zazpi gaude, baina 70 azpikoak lauzpabost bakarrik dira». Gazteak erakartzen saiatu dira, baina ez dute lortu. «Gaztetxean bilera bat egin genuen eta festetan tiradaren bat egiten dute, baina hortik kanpo batere ez. Horrela jarraitzen badugu, bola jokoa Legazpitik desagertuko da 15-20 urte barru».
Legazpin 70 urte baino gutxiagoko lauzpabost bolari bakarrik daude; herriko bolariek bolari gazteekin bilera bat egin zuten, baina deialdiak ez zuen fruiturik emanLegazpitik… eta Goierri garaitik. «Zumarragako Zelai Arizti parkean bolatokia egon zen, baina desagertu egin zen», gogoratu zuen Agirrek. Beste toki batzuetan, bola jokoa berreskuratzeko ahalegina egiten ari dira. Zarautzen eta Billabonan, adibidez. Gazteak bolatan jokatzera animatu zituen. «Bolatan jokatzeko ez da ahalmen fisiko handirik behar. Trebetasuna bai, ordea. Nik umetatik atsegin dut joko hau. Zergatik? Lehiatzea oso zirraragarria da eta, gainera, kirol hau denbora-pasa polita da. Euskal giroan eta lagunartean egiten den kirola da». Agirre bere amaren baserrian hasi zen bolatan jokatzen: Brinkolako Bergaretxen. «Osabak, Luxio Ugartek, bolatokia egin zuen eta berarekin eta lehengusuarekin (Joxe Mari Ugarte) ikasi nuen jokatzen». Baita ikasi ere! Duela bi urte Euskal Herriko txapelketa irabazi zuen. Ea Legazpik txapeldun handiak ematen jarraitzen duen!