Larunbatean egingo dute jaialdia, arratsaldeko 19:00etan. Bertan izango da Jon Urbieta DJa
Idiazabalgo Zirika Irratiak 25 urte beteko ditu aurten, eta hori ospatzeko
guateke bat antolatu dute larunbaterako, Guraso Elkartean. Eguerdian hasiko dute festa: Elizalde Elkartean bazkaria egingo dute irratian ibili diren herritarrek, eta iluntze alderako, festa antolatu dute. Festan musika eta momentuko kantuak jartzen Jon Urbieta DJ zumaiarra arituko da. Bestalde,
luncha eta sorpresak ere izango direla iragarri dute. Horrez gain,
larunbatean 13:00etan irratsaio berezia egingo dute, garai ezberdinetan irratian ibilitako kideen artean.
Irratiaren lehen pausoak
1989 urtean hasi ziren Idiazabalen herriko irratia herriko kontuen berri ematen. Aita Iparragirre herri eskolak Udalari luzatu zion herrian irrati bat martxan jartzeko proposamena, eskolak erabiltzeko, baita bestelako irratsaioren bat egiteko ere. Irratsaio horiek euskaraz egingo zirela hobetsi zuten, eta hala hasi ziren lehen irratsaioekin, lehengo kultur etxean.
Emakunde sariak
Irratiaren sorreran hainbat pertsona egon ziren, eta horietako bat Xabier Urteaga kazetaria da. Hasierako emisio horiek bi ordu inguru irauten zuten, eguerdiko ordubatetan hasita. Hainbat atal izaten zituen irratsaioak. «Irrati-nobelak eta esketxak bereziak ziren. Horrelako asko egiten genituen; Pintamonas, Turbina baserriko kontuak, Halako egurra bestelako ezpala…» Azken horrek Emakunderen saria irabazi zuen. Guztira, lau alditan irabazi zuen
Emakunderen saria Zirika Irratiak. Lehiaketa horrek
komunikabideek berdintasunaren alde egindako lana saritzen zuten. Lehenengo aldiz martxoaren 8rako egindako saio aurkeztu zuten. Hurrengoetarako saio monografikoak aurkeztu zituzten; esate baterako, emakumea kirolean eta baserriko emakumeak. Gai informatiboak ere lantzen zituzten; hala nola, herriko kanpotarrekin elkarrizketak egiten zituzten, artzainen transhumantzia garaia azaltzen zuten, eta hauteskunde garaietan hautagaiekin debateak egiten zituzten. Lehiaketek eta txiste kontakizunek ere tartea izaten zuten.
«Denboran zehar eskema aldatu genuen», azaltzen du Urteagak. «Astero herriko gai bati lotutako elkarrizketa egiten saiatzen ginen». Ez ziren, ordea, ohiko irratsaioak egitearekin konformatzen, beti saiatzen ziren zerbait berezia egiten. Horren adibide dira Zirika Irratiak 10 urte bete zituenean 10 orduko irratsaioa egin zutela, eta beste batean irratia kalera ateratzea bururatu, eta Txomenane parkean egin zutela saioa. Herriko taldeaz gain, Herri Eskolako haurrak astean behin joaten ziren beraien saioa egitera, aste barruan.
Bi urtez isilik
Lekualdatzeak ere izan ditu irratiak. Kultur etxe zaharretik udaletxe zaharraren gaineko lokal batera mugitu ziren. Egoitzaren aldaketarekin batera etorri zen
Zirikaren isilaldia. 2008. urtean izan zen hori. Bi urtez egon zen irratia saiorik egin gabe, baina
2010. urtean berriz ere herritar talde bat bildu, eta
irratia martxan jarri zuten. Gaur gaurkoz, herri ikastolako haurrek ez dute irratsaiorik egiten, baina larunbatero herritar batzuek
Zapatuko konpainia irratsaioa saioa egiten dute, eguerdiko ordu batean.
Herritarrek, herriarentzat
Lantaldean ibiltzen da Idoia Sanz herritarra. Herriko gaiak lantzen dituzte, elkarrizketak eta bitxikeria ugarirekin tartekatuz. «Nire ustez aberastasun handia da Zirika herriarentzat», dio. Gainera, herriko kontuez herritarrak hitz egiten entzuteak duen garrantzia ere nabarmentzen du: «horrelakorik ez genuke galdu behar; aberasgarria da oso». Badaki ez dela kontu erraza irratsaio bat aurrera ateratzea, bakoitzak duen lana eta ikasketarekin uztartuz. Horretarako herritarren «inplikazioa» behar dela azaltzen du, eta parte hartu nahi duenak ateak zabalik dituela, eta animatzeko dudarik gabe.
Larunbaterako gonbita ere luzatzen du Sanzek: «Zirikan beti saiatu izan gara gauza originalak egiten, eta Guatekea ez da gutxiagorako izango». Irratia martxan jarri zutenak eta egun aritzen direnek, guztiek, elkarrekin ospatuko dute Zirika Irratiaren mende laurdena.