Itsasondon atsotitzak eta esaera zaharrak, ondare
Euskal esaera zaharrak geroz eta gutxiago erabiltzen direla jabetuta, ahozko aberastasun hori jasotzea erabaki dute Itsasondon; euskara indarra galtzen ari dela eta, lantalde bat hasi da sustapenarekin.Gure aitona-amonek hainbat kopla, esaera zahar edo...
Euskal esaera zaharrak geroz eta gutxiago erabiltzen direla jabetuta, ahozko aberastasun hori jasotzea erabaki dute Itsasondon; euskara indarra galtzen ari dela eta, lantalde bat hasi da sustapenarekin.
Gure aitona-amonek hainbat kopla, esaera zahar edo atsotitz esaten zizkiguten, eta zenbat esaten ditugu guk gaur egun, egunerokotasunean?». Galdera horri zintzo erantzuten dionak garbi ikusiko du emaitza: askoz gutxiago. Kezka horrixe heldu diote Itsasondon, eta euskarazko esaerak, atsotitzak edo, azken batean, hitzezko aberastasuna biltzen hasiko dira.Bizimoduaren alderdi askotan bezala, «ahozkotasunaren eta ahozko ondarearen berezko transmisioa ere eten» egin dela sumatu dute Itsasondon. Esaera zaharren bilduma egingo dute, «guztiona den altxor hau gal ez dadin». Baina ez dira horretara bakarrik mugatuko.
Ideia sorburuan kezka bat dago: «Itsasondon ere euskara indarra galtzen ari da apurka-apurka», laburbildu du Ekaitz Arruti Kultura, Gazteria eta Hezkuntza zinegotziak. Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearekin (Uema) elkarlanean, aurreko ikasturtean bi tailer burutu zituzten, batez ere bi esparrutan eragiteko: eskola mailan, haurren euskara kalitatea; eta herriko plazan, euskararen erabilera, orokorrean.
Lantalde sustatzailea
«Tailerrak arrakastatsuak izan ziren, herriko sektore handi batek nabaritu baitzuen euskararen atzerakada: eskolako irakasleek, gurasoek, udal ordezkariek…», gogoratu du Arrutik.
Abiapuntu horretatik, Itsasondon euskara sustatzea eragingo duen lantaldea sortu zuten. 2015-16 ikasturtean, hutsune batzuk betetzen hasi nahi dute. Hala, Karreape herri eskolan bertsolaritza klaseak ematen hasi dira, Goierriko Bertso Eskolaren eta Itsasondoko Udalaren laguntzarekin. Haurren euskara aberastu nahi dute.
Bestetik, bigarren ekimena esaera zaharrak biltzea eta ezagutaraztea dute. Plazan biltzen diren gurasoak xaxatu, eta bilduma egitea da aitzakia.
Ontziak, esaerak jasotzeko
Komertzio eta tabernetan postontziak jarri dituzte, eta itsasondoarrek han bota behar dituzte esaera zaharrak. Azaroko hilabete osoa dago horretarako. Ondoren, atsotitzak bildu, sailkatu eta bitxienak Itsasondo 2.0 herri aldizkarian argitaratuko dituzte.
«Ez ditugu atsotitz espainiarren itzulpenak nahi, Itsasondoko baserritarrek gurasoz guraso jasoak baizik». Antzinako usteak edo jakituria, gaitzak sendatzeko otoitzak, sorginkeriak, mitologia eta naturari buruzko sineskerak; familia, lan edo erlijio arloetako esaerak; euskal ohiturei buruzkoak —txerri hiltzea, etxez aldatzea, ezkontza…— edo animaliei buruzkoak izan daitezke.
Ukitu edo ikusi ezin daitekeen ondarea, baina mihi-belarriak aberasten dituena.