«Gatzagi naturalarekin egindako gazta gustatzen zait»
Idiazabalgo Gaztaren Kofradiak ohorezko kofradiakide izendatuko du larunbatean Mikel Lasa Beloki (Hernani, 1966) azokako saltzailea. Lehendik ere hala bada ere, gaztaren enbaxadore titulu berria jasoko du.
Pozik ohorezko kofradiakide titulu berriarekin?
Bai, poztekoa da. Lehengo urtean ere esan zidaten kofradiakoek, baina ez zen ondo tokatzen. Aurten bai, eta gustura.
Idiazabal Gaztaren enbaxadore izango zara orduan.
Lehen ere bagara. Ama (Gaintzakoa) eta aita (Beasaingoa) gazta saltzen hasi ziren, duela 60 urtetik gora. Aitona-eta artzainak ziren eta ama hasi zen etxeko gaztak saltzen azokan. Bezeroak egiten hasi ziren eta ikusi zuten gazta erosi eta salduta gehiago ateratzen zutela. Orduan horretan hasi ziren, gazta desberdinak erosi eta saltzen.
Nongo gaztak?
Euskal Herrikoak, artzain gaztak asko: Urbasakoak, Andimendikoak, Aralarkoak, fabrikakoak ere bai… Gehienbat artzain gazta saltzen dugu. Gustatu egiten zaigu eta badakigu gure bezeroek zer nahi izaten duten. Orduan, askotan, nire erarako gazta eginarazten dut.
Nolako gazta gustatzen zaizu?
Denetik jaten dut, baina lehengo erako gazta gustatzen zait, gatzagi naturalarekin egindakoa, eta fuertea, ondua, zortzi hilabetetik gorakoa. Gazta hori gustatzen zaion bezeroak badauzkat, eta urtebetean edukitzen ditut gaztak ontzen… Errespetatzen dut Idiazabal Gaztaren gaur egungo joera, suabe, light hori… baina nik hori ez dut nahi. Nahiago dut lehengo gazta.
«Ama-eta bezeroak egiten hasi ziren eta ikusi zuten gazta erosi eta salduta gehiago ateratzen zutela»
Zu noiz hasi zinen gurasoei laguntzen?
15 urterekin eskola bukatu eta 16 urte betetzerako (ekainean egiten ditut) hasi nintzen. Ikasteko gogorik ez nuen, alper hutsa nintzen. Lekarozera (Nafarroa) interno bidali ninduten, interno egonda ikasiko nuela uste baitzuten gurasoek. Baina berdin-berdin. Fraideak aitari esan zion, dirua eta denbora galtzen ari zirela nirekin, lana egin nahi nuela. Hurrengo egunean lanera joan nintzen. Anaia ere gurasoekin hasi zen.
Damu zara?
Ez daukat penarik, gustura bizi naiz. Momentu txarrak bizitzen dira, baina gustura bizi izan naiz. Orain 58 urte egin behar ditut eta emazteak, Mirenek, jarraitzen du. Jubilatua nago, begietako arazoengatik. Baina beti jarraitzen dut azokara joaten. Etxean ezin naiz egon.
Gaztak bai, baina perretxikoak ere saltzen dituzue.
Perretxikoekin beranduago hasi ginen, 18-19 urte nituela-edo. Guridi eta beste gizon bat izan ziren aurrenekoetakoak Soriara eta Burgosera joaten perretxikoak ekartzera. Sorian, Burgosen, Nafarroan… ibiltzen ziren. Urruti zen garai hartan. Bi sozio ziren eta haserretu egin ziren. Guridi guregana etorri zen, kotxeko karnetik ez zuen eta aitarengana joan zen. Gu gazteak ikusi eta guri eskaini zigun lan hori. Berarekin hasi ginen lanean.
«Sorian ez da perretxikoa lehen bezala ateratzen, Galizia eta Portugal aldera gehiago ateratzen da oraindik»
Nola lan egiten zenuten?
Aitona hark sare bat zeukan, eta Soriako eta Burgosko perretxiko biltzaileek perretxikoak biltzen zituztenean, bila joaten ginen. Okin batek pilatzen zituen denak. Aita hasi zenean, kamara hozkailuak jarrarazi zizkien. Orain dela gutxira arte mantendu izan dugu harremana. Haiek ere urteak dituzte eta gazte jendeak ez du segitzen.
Nondik ekartzen dituzue orain?
Zamoratik eta Galiziatik gehiago etortzen da orain; Errumaniatik eta Bulgariatik ere bai. Momentu honetan, ziza eta perretxiko kontuetan asko jaisten ari da, aldaketa klimatikoak eragin handia dauka. Espainiako fabrikante edo almazenista gehienak Sorian zeuden, gaur egun bakarra egongo da. Ez da ateratzen lehen bezala. Galizia eta Portugal aldera gehiago ateratzen da oraindik, Zamora aldera ere bai.
Ordiziako azokan bakarrik saltzen duzue?
Ez. Astelehenetan Errenteriako azokan izaten gara; asteartetan, biltegiko eta bulegoko lanak egiten ditugu; asteazkenetan, Ordizian; ostegunean, Hernanin; ostiralean, Arrasaten eta larunbatean, Tolosan.