Mozorro eguna egingo dute larunbatean, eta igandean, berriz, odolkiarekin lotutako lehiaketak. Joan den larunbateko pintxo eleganteen II. lehiaketan Arantxa tabernak irabazi du 321 botorekinIkurriña gora jaso, suziriak jaurti, eta festetako zapiak jan...
Mozorro eguna egingo dute larunbatean, eta igandean, berriz, odolkiarekin lotutako lehiaketak. Joan den larunbateko pintxo eleganteen II. lehiaketan Arantxa tabernak irabazi du 321 botorekin
Ikurriña gora jaso, suziriak jaurti, eta festetako zapiak jantzi. Hori izango da bihar arratsaldean Ormaiztegin festei hasiera ofiziala emateko jarraituko duten bidea. Aurreko asteburuan festa izan zen arren, asteburu honetan hasiko dira ofizialki aurtengo
sanandresak.
Behin suziriak bota eta festa hasita, futbito txapelketako finala izango da herriko taldeen artean. Gau aldean, berriz, gazteek antolatutako hainbat kontzertuk alaituko dute txosnetan giroa: Northem Pride, Alerta Gorria, eta Ingo al deu? taldeek.
Larunbatean mozorro eguna izango dute. Festa, lehiaketa eta guzti. Egun guztian zehar giro onena jartzen duten taldeek saria izango dute. 12-16 urte bitartekoentzat 150 eurokoa izango da, eta 16 urtetik aurrerako sarietuentzat, 210 eurokoa. Epai mahaia herriko elkarte desberdinetako pertsonek osatuko dute.
Pintxo eleganteena
Elegante egunean, joan den larunbatean, pintxo eleganteen bigarren lehiaketa egin zuten. Herriko tabernei luzatua zen lehiaketa, eta honako hauek parte hartu zuten: Jubilatu, Arana, Usoa, Zipotz, Txistu, eta Arantxa (Pio) tabernak. Pintxo lehiaketan aurkezten ziren pintxo guztiek, derrigor, osagai bat izan behar zuten: sagarra. Herritarrek papertxoen bidez eman zioten puntuazioa pintxo bakoitzari. Botoen kontaketa eginda, bataz besteko puntuazio altuena Arantxa (Pio) tabernak lortu du.
Pioko Ramoni Urbiztondo izanda pintxoaren sortzailea, eta hark azaldu du pintxoa nola egin zuen: Oilasko bularkiaren barruan urdaiazpikoa eta gazta sartu zituen. Borobil forma eman zion, eta ogi birrindutan pasa eta frijitu egin zuen. Pintxoaren oinarria, berriz, moldeko ogi integrala zen, oliba olioz bustia eta gainean Errezil sagar marmelada jarrita. Amaitzeko, bata bestearen gainean jarri eta beste marmelada pixka bat jarri zion.
Guztira, 321 boto-paper bete ziren. Paperean pintxoaren puntuazioa eta bakoitzak norberaren datuak jarri zituzten, pintxoen lehiaketako partehartzaileen artean Kuko jatetxean bi lagunentzako jatordua zozketatu baitzen. Zozketa egin zuten, eta otorduaren irabazlea Axun Mendizabal izan zen.
Aspaldiko txanponak
Heliodoro Etxeberriak urtero jartzen du erakusketa bat. Aurten, aspaldiko txanponak, billeteak, komikiak, Espainiako eta atzerriko zigiluak, poltsiko egutegiak, gutunak eta edalontzi-azpikoak izango dira ikusgai bere erakusketan. Larunbatean hasi eta azaroaren 30era arte egongo da zabalik. Goizean irekita egongo da 12:30etik 14:00etara, eta arratsaldean, berriz, 18:00etatik 20:00etara. Iriarte Goena etxe 29ko beheko solairuan erakutsiko ditu gordetako «altxorrak». Etxeberriak.
Angel Elorzaren ‘Herriko hamaika istori’ ikusgai
Angel Elorzaren Ormaiztegi 2011-2015 erakusketa ikusgai egongo da bihar, etzi eta astelehenean, Ormaiztegiko festen zaindariaren egunean. Erakusketa honetan Elorzak urte hauetan ateratako argazkiak erakutsiko ditu. Bertan, festak, ospakizunak, gertakizunak, kultur, erlijio eta kirol ekitaldiek izango dute lekua. 11:00etatik 14:00etara egongo da irekita, eta arratsaldean, 17:00-20:00etara.
Odolkirik onenaren XIX. lehiaketa egingo dute igande goizean
Igandean festaz gain, odolkia izango da protagonista nagusia Ormaiztegin. Duela hemeretzi urte hasi ziren odolki lehiaketa egiten, eta aurten ere badute zita. 11:00etan hasiko dira txapelketen nondik norakoak. Izan ere, igandean hiru lehiaketa egingo dituzte: odolki txapelketa nagusiaz gain, beste bi ere izango dira. Hain zuzen, XVIII. odolki osagaien azoka eta lehiaketa, eta Ormaiztegiko odolkia osagaitzat duten plateren sukaldaritza lehiaketa. Azken hau duela hamalau urte egiten dute.
Bi baldintza nagusi behar dira, ordea, txapelketa hauetan parte hartzeko. Lehenengoa, ezinbestean, ormaiztegiarra izatea da. Herrikoei luzatutako txapelketa da, beraz. Bigarrena, platera egunean bertan aurkeztu behar dela. 12:00etarako entregatu beharko dute beraien platera parte hartu nahi dutenek.
Sari banaketa
Platera egitea animatzen direnei dieta bat emango zaie platera prestatzeko behar izan duten gastuei aurre egiteko. Bestalde, lehenengo saria banatuko dute kategoria bakoitzean onena izan denari, eta plateraren aurkezpen onena egiten duenak ere saria izango du. Sariak 14:00etan hasiko dira banatzen, herriko enparantzan. Odolkia dastatu nahi duenak aukera ere izango du igandean. Baso Txulo elkartearen laguntzarekin izango da dastaketa hau. Bestalde, odolkiaz gain, goiz osoan zehar Euskal Herriko produktuen azoka ere egingo dute.