Idiazabalgo osasun zentro berria astelehenean irekiko dute
Bihar itxita egongo da mediku etxea, eta ez da zerbitzurik eskainiko. Osasun zentro berria egitea 252.179,79 euro kostatu da; Osakidetzak 80.000 euroko laguntza eman duIdiazabalgo mediku etxean gaur emango dute azkeneko aldiz osasun zerbitzua. Osasun z...
Bihar itxita egongo da mediku etxea, eta ez da zerbitzurik eskainiko. Osasun zentro berria egitea 252.179,79 euro kostatu da; Osakidetzak 80.000 euroko laguntza eman du
Idiazabalgo mediku etxean gaur emango dute azkeneko aldiz osasun zerbitzua. Osasun zentro berria dute herrian Kale Nagusia 50.zenbakian, Arretxe sozietatearen ondoan, eta astelehenean hasiko dira bertan jendeari osasun zerbitzuak ematen. Bihar, ordea, itxita egongo da mediku etxea, ez dute zerbitzurik eskainiko. Beraz, sendagileren baten beharra duenak Beasainera jo beharko du. Astelehenerako dena prest izateko, bihar eramango dituzte gauzak osasun zentro berrira. Astelehenean, bertan hasiko dira lanean.Espazio gehiago
Atzo goizean inauguratu zuten zentro berria. Ioritz Imaz alkateak azaldu zuen osasun zentro berria ia 300 metro koadroko lokala dela, eta sei gelatan banatuta dagoela: «Bi gela erizainek erabiliko dituzte, beste bi medikuek, eta bat larrialdietarako dago». Azkena, erabilera anitzetarako gela bezala izendatu dute. Alkateak argitu duenez, lokal horren erabilpena «beharren» araberakoa izango da, eta aurrerago, beharko balitz, bitan zatitzeko aukera ere badago: «Ez genuen mugatu nahi, eta behar bada bi lokal egin daitezke seigarren gela horretan».
Alkateaz gain, Idiazabalgo eta Beasaingo mediku eta erizain batzuk ere inguratu ziren. Osakidetzako hainbat kide ere izan ziren; hala nola, Jon Etxeberria zuzendaria, Teresa Garmendia Osakidetza Goierri-Urola Garaiko Erakunde Sanitario Integratu ESIko gerentea, Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua, Antonio Arraiza Osakidetzako osasun laguntzako zuzendaria, eta Laura Agirre Goierri-Urola Garaiko ESIko Ekonomia eta Finantzetako zuzendaria.
Guztira, 252.179,79 euroko kostua izan du, eta 80.000 euroko diru-laguntza eman du Osakidetzak proiektua egiteko. Imazek eskertu egin zuen zentro berria egiteko emandako laguntza ekonomikoa eta babesa.