Arcelor Mittal enpresako langile batzordea alperrik joan da bilerara
Zuzendaritzak ez die birkolokazioen eta lan baldintzen aldaketaren berri zehatzagorik eman. Hurrengo bilera ostegunean egingo dute, Zumarragako lantegianArcelor Mittaleko langile batzordea zuzendaritzarekin bildu da azkenean, baina zuzendaritzak ez die...
Zuzendaritzak ez die birkolokazioen eta lan baldintzen aldaketaren berri zehatzagorik eman. Hurrengo bilera ostegunean egingo dute, Zumarragako lantegian
Arcelor Mittaleko langile batzordea zuzendaritzarekin bildu da azkenean, baina zuzendaritzak ez die birkolokazioen eta lan baldintzen aldaketen berri eman eta, beraz, bilera alperrikakoa izan da. Kontsulta epea hasitzat ez ematea adostu dute eta hurrengo bilera Zumarragako lantegian egingo dute, ostegun goizean.Bilera atzo eguerdian egin zuten Lan Harremanen Kontseiluaren Donostiako egoitzan. Teorian, zuzendaritzak birkolokazioen eta lan baldintzen aldaketen berri eman behar zien. Baina ez zen halakorik gertatu.
LAB sindikatuko Josu Amenabarrek «lotsagarria» izan zela dio. «Aurrekoan ekarritako dokumentazio berbera ekarri dute eta kontsulta epea hasitzat eman nahi zuten. Baina, gure ustez, ezin da kontsulta epea hasitzat eman dokumentazio guztia eskuartean izan arte. Ezin da kontsulta epea hasi birkolokazioen arrazoi zehatza zein den eta langileak nora bidali nahi dituzten jakin gabe. Hori aipatu diegu eta dokumentazioa prestatzen ari direla esan digute».
Azkenean, zuzendaritzak kontsulta epea hasitzat ez ematea eta hurrengo bilera Zumarragan egitea onartu du. «Kontsulta epea ostegunean hastea onartu dute».
LAB sindikatukoak haserre ageri dira enpresarekin. «Langileekin jolasten ari direla dirudi. Ez dakigu hau guztia fede txarrez egiten ari diren edo utzikeriaz. Ezin dugu ezer negoziatu planteamendu bat mahai gainean eduki gabe. Duela hiru asteko testu berbera ekarri dute eta guk dokumentazio eskaera bat egin dugu».
Bestalde, zuzendaritzak negoziazioen konfidentzialtasuna eskatu du. «Oso ondo dago hori eskatzea, baina guk komunikabideen bidez izan genuen lantegia ixteko asmoaren berri».
Osteguneko bilerak fruitu gehiago ematea espero du. «Bileran egin dutena ez da serioa. Duela hiru aste esan zuten berbera esan dute: itxiera partziala izango dela, aktibitatea asko murriztuko dela eta erabakiak ez duela atzera bueltarik».
Sindikatuak eta langileak, ordea, lantegia zabalik mantentzeko borrokatzen ari dira. Bihar, asteartero bezala, kontzentrazioa egingo dute lantegiaren aurrean. 13:00etatik 15:00etara egongo dira bertan.
Mobilizazioak
Aste honetarako beste mobilizazio batzuk ere iragarri dituzte. Ostiralean Bilbora joango dira, Iberdrolaren akziodunen batzarrean protesta egitera, Sestaoko lankideekin batera. Euskal Herriko Itzulian ere beraien arazoaren berri emateko asmoa dute. Bestalde, hilaren 12an 24 orduko beste geldialdi bat egingo dute.