Hemengo marrubien garaia hasi da, gustuz paregabeak .Udaberriko zizen aukerak goia jo zuen atzo, 600 kiloko eskaintzarekin.
Bertako lehen marrubiak Aramatik ekarri ditu Patxi Arizmendik.
Bat baino gehiago harritu daiteke hau irakurtzean. Izan ere, abenduaz geroztik makina bat marrubi kilo saldu da, merkatuan ez ezik, baita edozein fruta saltegitan ere. Baina hemengoa eta modu naturalean etorria, alegia, bultzagarri artifizial kimikorik gabe, oraintxe jan dezakegu. Patxi Arizmendi aramarrak ekarri ditu lehenengoak, marrubitzarra edo ‘freson’ delako motakoa. Ederra marrubia!. Gustuz paregabea, itxuraz ez da kanpotik ekarritakoa bezain handia, beti hemen ezagutu izan den neurriko marrubia da. Negutegikoak ziren salgai zirenak, baina aire libreko bat edo beste jan duenik ere bada. Bost eta sei euro artean kiloa, segidan ohiko erosle batek eraman zituen.
Landare aukera handia
Atzo jende asko ibili zen landare eta lore postuetan. Aurten kostatzen ari da baratzea landarez betetzea. Garai honetarako ia denak martxan izaten dira, baina eguraldi freskoak zuhurtasunez jokatzera eraman du jende asko. Landare aukera handia da, eta udako denak landatzeko edota ereiteko garaian gaude. Azenarioa, aldiz, «San Joan inguruko hilberan ereitea izaten da onena», esaten zigun Kontxi Arizaga Zaldibiakoak.
Momentuan jan daitezkeen barazki berrienetan erreparatuz, aire libreko ilarra, baba edo letxuga daude aukeran, baita lehen mihulu belar sorta ere. Honako hau, euro batean zuen salgai Aramako Zurutuzak bere postuan. Bestela, patata edota tomatea oraindik negutegikoak dira.
Mikologia atala deigarri
Perretxikoen atala deigarri zen atzo plazan sartu orduko Lasaren postuan. Gailurra jo zuen denboraldi honi dagokionez udaberriko zizen kopuruak: 600 kilo, 12 eta 35 euro artean kiloa, eta tartean 300 gramoko ziza, «inoizko handiena, nik sekula ez dut hain handirik ikusi» zioten Lasa saltzaileak berak eta inguruan zirenek. Goizeko 7:45erako saldu zen. Eta zerrenda osatzeko: onddoak, zizahoriak, marasmio jangarriak edo senderuelak marasmius oreades, karraspinak edo mortxelak, kardu perretxikoak eta boilurrak.
Kanpokoetan, udaberria
Geroz eta aukera handiagoa da fruten atalean, Iberiar penintsulakoak dira gehienak, Aragoi, Andaluzia edota Murtzia aipatzen dituzte bereziki. Hala nola, paraguaioa (5-8 euro kiloa), briñoia eta mertxika (3,5-5 euro), alberretxikua (3-5 euro), gerezia (4,5-7 euro) eta atzo, lehen meloia (1,75-3 euro), oraindik gustua hartzeko duena aukeran.