Juan Mari Burguera eskultore legazpiarrak lokala inauguratu du bere lanak erakusteko. Paper fabrikan dago, eskulturak egiten dituen tailerretik metro gutxira. Interesa duen edonori erakusteko prest dago.
Sortu eta sortu. Horixe egiten du sortzaileak, sormenari atsedenik utzi ez eta ahalik eta zuku gehiena ateraz. Buruan duen ideia eskuekin lantzen hasten da sortzailea ahalik eta lasterren, ideiari lurruntzen utzi ez eta forma har dezan. Eta, behin sortutakoan? Zer gertatzen da arte lan horiekin? Erakusketaren batean lekutxo bat lortuko dute batzuek, eta erosleren bat ere bai beste batzuek. Baina, azkenean, kartoizko kaxa handietan sartu eta biltegi hotzen batean amaitzen dute gehienek, ezkutuan, leku faltagatik. Horixe zen Juan Mari Burguera eskultore legazpiarraren eskulturei orain arte pasatzen zitzaiena, baina topatu du irtenbidea: bere tailerraren alboko lokala alokairuan hartu, eta bertan jarri ditu bere lanak, txukun, merezi duten moduan.
Igandean inauguratu zuen lokal berria, eta ez nolanahi. Mu-seoen Nazioarteko Egunaren harira, bisita gidatua eskaini zuen, eta 200 lagunetik gora bertaratu ziren. Paper fabrika zaharrean du tailerra Burguerak, errekaren albo alboan, eta handik metro gutxira alokatu du lanak erakusteko lokala. Hain zuzen, garai batean paper fabrikako ibilgailuak konpontzeko erabiltzen zuten tailer mekanikoa zegoen lokal horretan bertan.
Denboraren aztarnak
Lauzpabost hilabete pasa ditu Burguerak lokala egokitu eta bere lanak bertan txukun jartzen. Orain, ezin gusturago dago emaitzarekin. «Edozein artistaren ametsa da bere lanak erakusteko leku bat izatea», esan du. Gainera, lokala «ideala» dela uste du. Tailerretik metro gutxira egoteaz gain, Burgueraren lanekin bat datozen ezaugarriak ditu: «Handia da, altua, eta erdian zutabe bat du; horrez gain, hormetan erdoila dago, eta hori bat dator nire lanen kolore paletarekin».
Pareta batzuk margotu eta txukundu baditu ere, gehiena bere horretan utzi du. Ez ditu denboraren aztarnak ezabatu nahi izan. «Krimena izango litzateke dekadentziaren sinbolo horiek ezabatzea».
Burguerak hogei urtetik gora daramatza keramikarekin eskulturak egiten. Goizez beste lan batean aritzen bada ere, arratsal-deak eta asteburuak eskaintzen dizkio bere afizioari. Paper fabrikako lokalean jarri duen erakusketa ibilbide bat dela azaldu du: «Nire iraganaren eta orainaren artean egiten dudan ibilbidea». Gainera, tamaina handiagatik orain arte inon erakutsi ezin izan dituen lanak ere jarri ahal izan ditu bertan.
Burguera prest dago interesa duen edonori bere lanak erakusteko. Lokalari bisita egin nahi dion orok, legazpiarrarekin harremanetan jarri besterik ez du. «Lokala giltzaz itxita dago, baina nik gustura erakutsiko diot nahi duen guztiari», esan du. Izan ere, lanak erakusteko leku bat iza-teaz gain, jendeak bere lanekin gozatzea ere bada artistaren ametsa. Horretarako sortzen baitu, partekatzeko.