Udalaren eskariz Sendo enpresak egin duen ikerketa eta zerrenda jendaurrean erakusketan dago, ekainaren 5era arte. Ekarpenak egin ditzakete herritarrek, erabat onartu aurretik
Ataungo Udalak esku artean dauka, jada, udalerriko herri bide publikoen zerrendaren zirriborroa. Maiatzaren 5ean onartu zuen txostena, hasierako izaeraz, eta erakusketa publikoan dago orain, hilabeterako. Ekainaren 5era arte, herritarrek ikerketa ikusi, zerrenda behatu eta mapa azter dezakete. Udaletxeko lehenengo solairuan dago, bulegoen atalondoan.
Mendexako (Bizkaia) Sendo enpresak burutu du herri bideen zerrenda. Guztira, 39 bide nagusi identifikatu eta izendatu dituzte, eta beste 44 bide bigarren mailakoak. Txosten hori «hasierako agiri edo proposamena» da, eta ikerketa «bere burua elikatzen duen prozesu irekitzat» hartu dute egileek.
Bi izaeratako herri bideak bereizi dituzte: nagusiak eta bigarren mailakoak. Publikotzat hartu dituzte, guztiak. Bide bakoitzarekin fitxa bat bete dute, ezaugarri fisikoak, datu historikoak eta izenak txertatuta.
Lehengoak eta oraingoak
Ataungo herri bideak zehazten dituen planoa.
Herri bideen inbentario edo zerrenda eginda, gaiak sortzen dituen gatazkak eta liskarrak saihestu nahi ditu Ataungo Udalak, aurrerantzean. Herri bide historikoak ere batu dizkiote zerrendari, nahiz eta gaur egun baserri edo auzora joateko beste bide bat erabili. Guztiak herri bide publiko gisa erregistratuta geratuko dira, txostena behin betiko onartzen dutenean.
Bien bitartean, herritarrek ekarpenak egiteko edo zuzenketak eskatzeko beta dute orain, ekainaren 5era arte.
Aurretik ere Sendo enpresa-koek informazio iturrietako bat herritarren jakintza hartu dute. Testigantzez gain, artxibo historikoko datuak, kartografia mapetako informazioa, katastroa eta 1954-56 urteetan airetik hartutako argazkiak ere erabili dira.
Erakusketa garaian jasotako iritziak, ekarpenak eta eskaerak argituko ditu udalak, behin erakusketa bukatutakoan. Horretarako, enpresakoak lau egunez Ataunen izango dira, azalpenak herritarrekin partekatzeko.