Joxemiel Barandiaranek Aralarren lehendabiziko trikuharria aurkitu zuela 100 urte beteko dira, aurten. Harrezkero, ezin konta ahala megalito, harrespila, zutarri eta historiaurreko ondare katalogatu dira, Euskal Herriko gune megalitiko aberatsenetakoa ...
Argarbiko trikuharria / argazkia: wikipedia
Joxemiel Barandiaranek Aralarren lehendabiziko trikuharria aurkitu zuela 100 urte beteko dira, aurten. Harrezkero, ezin konta ahala megalito, harrespila, zutarri eta historiaurreko ondare katalogatu dira, Euskal Herriko gune megalitiko aberatsenetakoa izateraino. Lehen aurkikuntzaren mendeurrena ospatzeko, Atauniker kultur elkarteak Argarbira irteera gidatua antolatu du, larunbaterako.
Aralarko eta inguruko dibertsitatea, iragana eta oraina berreskuratzeko ekimena da. Joxe Antonio Mujika arkeologoa eta Ane Dorronsoro geologoa izango dira gidari edo azalpen emaile.
Aralegitik Argarbira
Larunbatean, San Martingo plazatik 08:30ean abiatuko dira, autoetan. Aralegiko zelaira joan, eta oinez Intsusti, Martinsaroe, Errekabeltz eta Ondarretik barrena iritsiko dira Argarbira.
Atauniker elkarteak aurreratu duenez, Barandiaran 1916ko abuztuaren 7an Jentilbaratzara igo zen, jakin-minez, jentilen aztarnarik ba ote zegoen ikustera. «Hantxe ohartu zen historialariek aipatzen zuten Ataungo gazteluaren aztarnak bertan zeudela, baina jentilen usainik ere ez». Inguruko baserritar batek esan zion, jentilen aztarnak nahi bazituen Aralarrera jo beharko zuela. Biharamunean abiatu zen.