Gabiriako Gazte Asteburua jaia gaur hasiko da, Pettiren kantaldiarekin
'Gazteburue' hiru eguneko egitaraua prestatu du herriko gazte taldeak. Herrigintzan belaunaldien arteko lotura estutu nahi dute. Musikak pisu handia hartuko du bihar ere
Gabiriako gazteek Gazteburua ospatuko dute, gaurtik igandera, gazte eta asteburu binomioaren uztardura-jaia. Lehenengo aldiz antolatu dute halako egitaraua. Herriko gazteentzat zuzendutako ekimenak sortzea du helburu, batetik; belaunaldien arteko lotura estutzea eta herrigintzaren transmisioari eustea, bestetik.
Gaur 18:30ean hasiko da, aurkezpen ekitaldi batekin. Erdi antzerki modura, Gazteburuaren helburuak eta edukia azalduko dituzte, Ostatu aurrean. «Festetatik aparte, gazteentzat ez geneukan ezer. Belaunaldi desberdinetako gazteak elkartzeko nahi genuen ekimen bat, transmisio bat egon dadin, herrigintzan segitzeko eta herriari bizi pixka bat emateko. Aitzakia horrekin, festa izango da», aurreratu dute gazteek.
Juan Luis Perez Mitxelena Petti (Bera, Nafarroa, 1973) folk-rock musikariaren kontzertua izango da, gaur. Hotzikarak azken diskoa aurten atera du, Balerdi-Balerdi taldeko kide ohiak. Mor More talde zarauztarrak osatuko du gaurko saioa.
Gaueko autobusak, bihar Bihar, kirol apustua izango da. Bi korrikalarik Learregi aldapa igoko dute, Agerreko Askatik gora. Beste bikote bat bizikletan igoko da, Kortatik. Bazkaria Osinalde elkartean izango da, gero.
Arratsaldean ere musika-giroa izango da: Zopilotes taldeko Eneko Dorronsoro ataundarra eta Konejo ariko dira, baita Gari eta Iñaki trikitilariak ere. Gauean hiru taldek joko dute.
Gazte asteburura joateko, bihar Lurraldebus autobus zerbitzu berezia egongo da. Legazpi (21:00) eta Zumarragatik (geltokia, 21:05; eliza, 21:10) autobus bat aterako da, Gabiriara joateko. 03:00etan eta 05:00etan dira itzulikoak. Bestea Ordizia (20:00 eta 22:00), Beasain (20:10, 22:10) eta Ormaiztegitik (20:15, 22:15) igoko da. Itzulerakoak 02:00, 04:00 eta 06:00etan dira.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.