Opor giroko feria izan zen atzokoa, nahiz eta udako seinale handirik eguraldiak ez zuen hala erakusten. Denboraldiko lehen gibelurdinak eraman zituen Patxi Aierbe ataundarrak.
Gauden garairako, uztailaren erdian dagoeneko, atzo ere fresko egiten zuen: 16 gradu besterik ez goizeko 08.00tan eta «txaketak ederki eskertzen dira» ahoz aho.
Azokara saltzera eramaten diren produktuei ere nabarmentzen zaie egiten ari den giro freskoa, eta saltzaileek, atzeratze kontua aipatzen dute babarrunei dagokionez besteak beste. Babarrun txuri freskoa, berriz, laster beharko litzateke salgai, baina gehienek, behintzat, oraindik denbora beharko dutela zioten atzo.
Alderantziz, joan zen astetik poliki edertu dira
sanjoan sagarrak; atzo kolore horiago eta tamaina handiagokoak ziren salgai. Ez zen fruta bakarra: aran gorriak, indiar mahatsa, andere mahatsa eta gereziak ere baziren, horiek azkenetan. Marrubiek, aldiz, gehixeago iraungo dute.
Garaiko lehen gibelurdinak
Perretxikoen atalean bazen zer ikusi. Ataungo Patxi Aierbek gibelurdin kiloa eraman zuen, jakin zen orduko saldu zuena. Kiloa 25 euroan saldu zuen.
Basoa enpresako Barcinatarren postuan, berriz, kanpoko onddo, zizahori eta boilur eskaintza zabala zegoen.
Gozatu eztia berriz salgai
Jon Etxeberria ataundarra iazko irailean hasi zen Ordiziara etortzen eztia saltzera. Amona Anparok urteak pasatu zituen toki berean, gainera. Otsailarekin batera agurtu zen ustez ekainaren erdira aldera arte. Uste baino beranduxeago atzo hasi zen berriz. «Ez da udaberri ona joan erleentzat. Hemen ingurukoek bereziki eguraldia ez dute lagun izan lanean ondo aritzeko» adierazi zuen Jonek. Aldiz, «Nafarroako Lizarraldean ditudanei esker zer eskainia badut, eta hango eztia da», erantsi zuen. Sorlada herrian ditu erlauntzak eta atzo eskaintzen zituenak erromero eta ezkai eztia eta inguru hartan asko dagoen ezkobizo landarearen lorearena ziren, azken hori oso usaintsua.
Neurriaren araberako prezioan zituen ezti poteak: 320 gramokoa, 4,5 euroan; 600 gramokoa, 6 euroan; eta kilokoa, 11 euroan.
Polen freskoa ere badu. Eta erleekiko ezagutza zabala eta interesa agertzen duenarekin partekatzeko pazientzia ere bai.
Pintxo gozagarriak astero
D’elikatuzek propio jarri ohi duen sukaldean astero sukaldari bat gonbidatu eta eguerdi inguruan prestatutakoa probatzeko aukera izango da uztailean. Atzo Ordiziako Aldasoro jatetxeako Juanjo Martinez de Rituertoren txanda izan zen.