Simon Yates izan da lehena Ordiziako helmugan
Orica taldekoak Abaltzisketako azken igoeran jo du erasoa, 10 kilometro falta zirela. Garikoitz Bravo izan da lehen euskalduna; 8. bukatu du lazkaotarrakZakur zaharra da Neil Stephens. Australiarra ondo ezagutzen dute Ordizian, eta berak ere ondo asko ...
Orica taldekoak Abaltzisketako azken igoeran jo du erasoa, 10 kilometro falta zirela. Garikoitz Bravo izan da lehen euskalduna; 8. bukatu du lazkaotarrak
Zakur zaharra da Neil Stephens. Australiarra ondo ezagutzen dute Ordizian, eta berak ere ondo asko ezagutzen du Ordiziako Klasika. Ez zuen alferrik irabazi lau aldiz, 1990eko hamarkada hasieran. Txirrindulari moduan egin zuena, entrenatzaile bezala errepikatu du orain. Izan ere, Orica taldearentzat atzoko probarako diseinatu zuen estrategia ezinhobeto atera zitzaion. Eraso bat jo, tropela hura harrapatzen nekatu arazi, eta azken aldapan inor gutxik espero zuen gazte bat bidali erasoan. Ondo atera zitzaion apustua, eta Simon Yates britainiar gaztea izan zen helmugan besoak jaso zituena.Ohiko klasiken eskema jarraitu zuen atzo Ordiziako probak. Hasieratik egon ziren ihesaldiak; horietako bat, bederatzi lagunek osatutakoa, kilometro askoan joan zen lasterketaren buruan. Tropelean Oricak eta Movistarrek lan handia egin zuten ordea, eta ihesaldi ahalegin gehienak zapuztu zituzten. Baita azken itzulian Damien Howson australiarrak jotakoa ere. Nahita edo nahi gabe, amu moduan balio izan zion ihesaldi horrek Orica taldeari. Izan ere, tropelak Howson harrapatu eta gutxira, Simon Yatesek jo zuen erasoa, Abaltzisketako azken aldapan. Lasterketa bukatzeko hamar kilometro besterik ez ziren falta, eta gorakoan ateratako tartea, beherakoan handitzea lortu zuen britainiarrak. Azkenean, helmugan bakarrik eta lasai sartu zen, bi besoak jasota.
Haren atzetik atera ziren hainbat lagun, tartean Caja Rural taldeko Angel Madrazo, iazko irabazlea. Sprintean aurrea hartu zion Alexander Vdovin errusiarrari, eta bigarren egin zuen. Lehen euskalduna Garikoitz Bravo izan zen helmugan. Lazkaokoa irabazteko asmoz etorri zen atzo Ordiziara, baina denboraldi batean errepidetik kanpo egon eta gero, ez zuen gorputzaldirik onena izan atzokoan, eta kalanbreek eragotzi egin zioten saiakeraren bat egitea. Hala ere, zuen guztia eman eta gogor saiatu zen azken metroetan, lehen hamar postuetan sartzeko. Baita lortu ere; 8. postuaz gain, aurreneko euskaldunaren saria ere berak eraman baitzuen. Haren atzetik sartu zen Pello Bilbao (Manzanas Postobon). Gainontzeko goierritarrei dagokionean, 16. postuan sartu zen Jon Ander Insausti, eta harengandik gertu, Alex Aranburu taldekidea, 24. tokian.
Omenaldia eta sari berezia
Ordiziako Klasikak bat egiten du festetako parrandarekin, eta atzo ere, giro bikaina izan zen kontrol gunean eta irteeran. Zinta moztu aurretik, omenaldia egin zioten urte askoan foto-finish-aren ardura izan duen eta duela gutxi hil den Felix Gonzalezi. Haren alargunari eta alabari lore sorta eta oroigarria eskaini zien antolakuntzak, eta beraiek izan ziren zinta moztu zutenak.
Sari banaketarekin batera, berriz, beste lagun bat omendu nahi izan zuten. Hala, sari berezia eskaini zioten Antonio Gomez del Moral, duela 50 urte Ordiziako Klasika irabazi zuen txirrindulariari.