Goierritar ugari 'Go!azen' telesailaren aro berrian
ETBk 2008an estreinatu zuen aurrenekoz Go!azen telesaila. Basakabi udalekuetako gazteen gora-beherak kontatzen zituen, musikaz eta dantzaz lagunduta. Saioak arrakasta handia izan zuen, eta hainbat urtetako etenaldiaren ondoren, denboraldi berria prestatzen ari dira. Toki berera itzuliko dira, baina oraingoan, ingelesezko udalekuetara.
Telesailaren lehen aldiko hainbat aktorek errepikatuko dute, baina gehienak berriak izango dira. Tartean, hainbat aktore goierritar ere badaude. Barbara Rivas zumarragarrak, esaterako, errepikatu egingo du. Lehen denboraldian ikasle bezala hasi zen, Iratiren rolean. Orain, urte batzuk pasata, irakasle moduan ariko da Basakabiko udalekuetan. Errepikatuko duen beste bat da Inma Fernandez; Goenkale eta Aitaren Etxea telesailetan aktore lanetan aritu ondoren, Desi-ren rolean itzuliko da lazkaotarra.
Denboraldi berri honetako fitxajeetako bat, Paula eta Aitana Etxeberria ahizpena izango da. Twin Melody bezala egin ziren ezagun, Youtuben. Harrezkero, telebistako hainbat saiotan parte hartu du bikoteak, tartean ETBko A ze banda! saioa eta Tele5 etxeko Cazamariposas saioko lehiaketa irabazi dituzte.
Irailaren 9an, Gasteizen ospatuko den FesTVal jaialdian egingo dute aurreneko atalaren aurre estreinaldia, 19:30ean. Bertan izango dira telesailaren zuzendariak eta baita aktoreetako asko ere. Saio horretara joan nahi dutenek, aurrez eskatu behar dituzte sarrerak, Go!azen telesailaren webgune ofizialean.