Opor kutsua oraindik ere sentitzen da Ordiziako Plaza Nagusian, baina ia udazken puntua nabarmentzen da produktu eskaintzari begiratuz, eta jendearen esanetan ere bai.
Hilabetea ez da alferrik pasatu eta azken kronikaz geroz udazken kolorea poliki-poliki hartzen ari da feria. Atzo izan ziren nobedadeak kontatzen hasita, pikua zen salgai, kiloa 4 euroan, Ibarratik ekarrita Arantxa Iparragirreren postuan.
Sagar eta udare mota berriak izen jakin batekin ezagutzera ematea ez da erraza, izan ere, betiko ‘etxekoa’, edota nondik hartutako hazitik etorritakoa den, halako izena eman ohi diote askok. Hala ere, bildutakoen artean aukeran dira zabale, erreineten erregina, sagar basa, star, akane… sagarretan, eta moretini edo etxeko txikia udaretan. Aran mota ezberdinak ere baziren atzo: hori, gorri, klaudia… Sagar dultzea ere ia salgai da, kilo erdia 4,5 euroan, edota mermelada ere egiten ari da jendea.
Basarana, hurra, marrubi eta urtean bi aldiz ematen duten mugurdi landareen fruituak osatzen zuten atzo hemengo fruten eskaintza.
Barazkiak eta sukaldariak
Barazkietan, berriz, hasiak dira eskarola eta txikoria, neguan eta aire librean ere ondo irauten dutenak. Lehen brokoli eta azalora burutxoak ere hasi dira, baita kalabaza edo kuia ere, kiloa 3 euroan. Kalabazetan potimarron da estimatuena, eta Arantxa Iparragirreren postuan zegoen salgai, tronpeta motakoarekin batera. Babarrun txuri freskoa, potxa esan ohi zaiona, abuztu hasieran ekartzen hasi ziren. Eta babarrun beltzaz galdetuta, urte gorabeheratsua irudi du; eguzkiaren eta lehortearen eraginak zer emango duen ikusgai da oraindik.
Bestalde, euri eskea, bazterrak hori daudenekoa eta perretxiku eskasia ahoz aho zebiltzan: «Arrastorik ez hemen, aurten bezalako gabeziarik gutxitan, ez da txarrik ere». Eta ezer biltzeko nahiko lanarekin omen dabiltz erakusketa pedagogikoak antolatzen dituztenak ere, datorren asteko feria berezirako adibidez.
Hilabete honetan D’elikatuzek bultzatuta astero sukaldari bat izan da bertako ekoizle baten produktuekin pintxoak prantatu eta dastatzera emanez, hala nola Juanjo Martinez (Aldasoro), Imanol Aldako (Oiangu), Urki Balerdi (Rubiorena), Maialen Zufiria (Siglo XX) eta, azkenik, atzo Aramako ostatuko Ane Otegi. Horrek, bertako sagarrak etxeko tofuarekin eskaini zituen.
Euskal Jaien azoka berezia
Datorren astean Euskal Jaien barnean urteko sona handieneko feria izango da. Jendea ere arabera espero da. Erosketa egin eta karga hori ibili nahi ezean, D’elikatuz zentroan utzi daiteke, doainik. Giroaz gozatu eta bertako produktuak ikusi ez ezik, salerosketak eginez goiza baliatzeko aitzakiarik ez.