Astelehenetik ostiralera, gauetan egingo dute sistema aldaketa. 120 edukiontzi jarriko dituzte lehen zeuden puntuetan. Beasainen edukiontzi grisa jarriko dute
Aurreko legealdian gairik eztabaidatuenen artean egon zen hondakin bilketaren gaia Ordizian. 2013ko uztailean ezarri zuen udalak hondakinak biltzeko atez ateko sistema eta datorren astelehenean hasiko dira txintxilikarioak kentzen. Datorren astean, beraz, «edukiontziak bueltatuko dira Ordiziara», Jose Miguel Santamariak, Ordiziako alkateak esandakoaren arabera.
Hilaren 26an hasiko dira atez-ateko sistema ordezkatuko duten edukiontziak jartzen. «Martxoaren 13an, Ordiziako herritarrek hondakinak biltzeko siste- ma aldatzea erabaki zuten, herri galdeketaren bitartez» adierazi zuen Santamariak, atzo Garagartza plazan egindako agerraldian.
120 edukiontzi
Herri galdeketaren emaitza osoko bilkurak berretsi ondoren, haren berri Sasieta Mankomunitateari eman zioten. Sasietako batzordeak proposatu zuen Ordiziako Udalak hartzea bere gain edukiontzien ordainketa. Udaleko osoko bilkurak 120 edukiontzi erosteko beharrezkoak izango ziren kredituak aldatzeko erabakia onartu zuen: kopurua 133.721,56 eurokoa zen.
Alkateak jakinarazi zuenez , «azken asteotan iritsi dira edukiontzi berriak Sasietara».
40 bilketa puntu
Edukiontziak 40 bilketa-gunetan banatuko dira, «gutxi gora behera atez atekoa jarri aurretik zeuden lekuetan». Astelehenean hasi eta ostiralera bitartean jarriko dituzte. Gau bakoitzean eremu batean egingo dute aldaketa: astelehenean, Altamira eta inguruetan; asteartean, Bustuntzan; asteazkenean, Ordizia erdialdean; ostegunean, San Juanen eta tren geltoki inguruan; eta ostiralean, Eskarabilla eta Urdaneta inguruan.
Aldaketaren gauean, hondakina atera behar dutenek, beren kubotan sartuta lurrean utz dezakete.
Sistema aldaketa bukatuta, atez atekoaren kuboak itzuli nahi dituenak udaletxean utz ditzake.