Ostiralean bukatuko da Udako XI. Argazki Lehiaketan lanak aurkezteko epea .Ondoren, beste astebeteko epea izango da webgunean argazkirik onena hautatzeko
Goierriko Hitzak eta Fotoetxe argazki dendak antolatutako Udako XI. Argazki Lehiaketa azken txanpan sartzear da. Izan ere, ostiralean bukatuko da argazkiak jasotzeko epea. Handik aurrera, beste astebeteko epea izango dute irakurleek botoa emateko.
Horrenbestez, kamerako txartelak eta ordenagailuko karpetak arakatu eta udako argazki berezi hori topatzeko momentua da, oraindik parte hartzeko garaiz zaude eta.
Argazkien kalitatea kontuan hartuko da, bai, baina ez dago argazkilari profesionala izan beharrik. Irudian jasotako momentuak, adierazten duenak edo irribarre bat eragiteak, askotan gehiago esan nahi dute enkuadre on batek edo kameraren megapixel kopuruak baino.
Lehiaketan parte hartzeko, norbere datuak edo harpidedunarenak eta aukeratutako argazkia
goierri@hitza.eus helbidera bidali behar dira. Argazkiek inon publikatu gabekoak eta beste lehiaketa batean saritu gabeak izan behar dute.
Bi motako sariak
Lehiaketa honetan bi motako sariak daude. Batetik, epaimahaiak aukeratutakoak, eta bestetik, publikoak hautatzen duena. Epaimahaia Fotoetxe dendako Jose Mari Telleria eta Lake Oiarbide argazkilariek eta Goierriko Hitzako lantaldeak osatuko dute. Publikoaren saria, berriz,
webgunean boto gehien jasotzen dituen argazkiarentzat izango da.
Sariei dagokionean, Arizkungo (Nafarroa) Etxezuria Etxea nekazal etxean bi lagunentzako egonaldia, eta Fotoetxek eskainitako Dibond (100×100) eta Kappa (60×100) euskarrietako anpliazioak banatuko dira irabazleen artean.