Izen handiak eta giro ederra Marino Lejarreta Klasikoan
Euskal txirrindularitzaren urrezko garaietako izen handiak elkartu ditu, bigarrez urtez, Ordizian jokatu den Marino Lejarreta Klasikoak. Iaz ez bezala, ordea, aurten eguraldi ona izan dute lagun, eta txirrindulari eta txirrinduzaleentzako festa egun ederra izan da. Guztira 64 talde (bosna lagunekoak) elkartu dituzte aurten, tartean, Peio Ruiz Cabestany, Mathieu Hermans, Chechu Rubiera, Joseba Beloki, Abraham Olano eta Alvaro Gonzalez Galdeano. Txirrindulari ohiez gain, bestelako pertsonaia batzuk ere izan dira, parte-hartzaileen artean, hala nola Roberto Solozabal futbolari ohia edota Serafin Zubiri kantaria.
Probari dagokionean, bosnako taldeetan abiatu ziren, erlojupeko proban. Azkarrenak, gazteak izan ziren; Garikoitz Bravok gidatutako taldeak egin baitzuen denborarik onena (47:28). Haien atzetik, bigarren egin zuen Juanma Garateren bostekoak (47:37), eta hirugarren Abraham Olanorenak (47:39)-.
Aurtengo klasikoan, Neil Stephens, Arritxu Iribar eta Baque Kafeak enpresa omendu dituzte, txirrindularitzari egindako ekarpenagatik.