Aralarren pista gehiago onartu dituzte, Alotzaraino eta txabola guztietaraino
Enirio-Aralar Mankomunitateak bideen proiektua zabaltzea erabaki du. Alde 9 herrik egin dute, aurka 5ek. Goroskintxuko pistaren proiekturik ez dagoela salatu dute, lanak hasi diren arrenLehen erabaki polemikoa baldin bazen Aralarren mendi-bide bat gehi...
Enirio-Aralar Mankomunitateak bideen proiektua zabaltzea erabaki du. Alde 9 herrik egin dute, aurka 5ek. Goroskintxuko pistaren proiekturik ez dagoela salatu dute, lanak hasi diren arren
Lehen erabaki polemikoa baldin bazen Aralarren mendi-bide bat gehiago eraikitzea, Enirio-Aralarko Mankomunitateak herenegun onartu zuen pisten egitasmoa askoz urrutiago doa. Saltarriko leporaino, ia Alotza gaineraino, pista luzatzea erabaki du batzordeak, eta, horrez gain, Aralarko txabola guztietara bideak irekitzea.Hiru orduko bilera «tentsioduna» izan zen, asteazken iluntzean, Ordiziako Barrenan. Datorren urteko asmoen artean, ganaduzale lantaldearen eskaera landu zuten, borda denetara bidea egitea. Mankomunitatea 15 herrik osatzen dute (10 Goierrikoak, 5 Tolosaldekoak), eta bozketan baiezkoak irabazi zuen.
Bederatzi herri pistak eraikitzearen alde atera dira: Ordizia, Beasain, Lazkao, Ataun, Altzaga, Arama, Gaintza, Amezketa eta Abaltzisketa. Bostek aurka egin dute: Zaldibiak, Itsasondok, Legorretak, Ikaztegietak eta Baliarrainek. Eta bat —Orendain— ez zen bilerara agertu.
Hiru pista nagusi
Erabaki horren arabera, Eniriotik Doniturrietara pista berria eraikiko da; gaur egun dauden Gipuzkoa eta Nafarroa aldeetako bideak lotuko ditu. Bestetik, Goroskintxutik gora ere luzatuko da pista, Saltarriko zeharreraino. Pardeluts aldera jarraituko du, eta Igaratzaraino iritsiko da, buelta osatuz. Azkenik, Amezketatik Igaratzaraino irekiko dute beste bide bat.
Bide nagusi horietatik luzera txikiagoko beste lau adar ere aterako dira, txaboletaraino.
Egiteko, berriz, 2017. urtea jo dute begiz. «Lehentasuna» emango die elkarteak eraikuntza horiei. Enirio-Aralar Mankomunitateak atzo ez zuen azalpenik eman publikoki, egunkari hau harremanetan jartzen saiatu zen arren.
Iritzi kontrajarriak
Pistak eraikitzeko proiektuaren aurrean, iritzi desberdinak atera dira batzordeak bertan. Goierriko 10 kideetatik zazpi aldeko dira, hiru aurka. Urte hasieran, aho batez onartu zuten Jentilarritik Goroskintxura pista. Orain zatitu egin da iritzi bateratu hori. Baita alderdi berean ere —EH Bilduren kasua—, nahiz eta ezezkoa «adostuta» zuen aurrez.
Ildo horretatik, EH Bilduk atzo zehaztu zuen «Goroskintxuraino arteko pista soilik» eraikitzea hobetsi duela. «Aurrerantzean eraiki beharreko gainontzeko azpiegitura guztien gaineko erabakiak hartzeko, hausnarketa estrategiko bat egitea beharrezkoa da», lehentasunezko lanak benetan zein diren erabaki ahal izateko», dio EH Bilduk.
Etsita zeuden, atzo, egitasmoari zalantzak ikusten dizkioten batzarkideak, batez ere prozedura hutsengatik eta erabakiak hartzeko moduagatik: «Kontua ez da pisten alde edo aurka zein dagoen. Ganaduzaleek eskatutakoa ia erabat eta besterik gabe onartu da. Aralar pistaz josiko da, ezker-eskuin eta goitik behera, pagadiak eta dena hartuz», dio ezetz bozkatu zuen batek.
«Proiekturik gabe» lanean
Astelehenean hasi ziren Jentilarri-Goroskintxu pistaren obrak, eta hor ere Mankomunitatearen jarduera gaitzetsi dute ez esan dutenek: «Mankomunitateak ez du proiektua aurkeztu ere egin. Kideek ez dugu ezagutzen. Duela hilabete eskatu genuen, ikusi, baloratu eta adosteko. Atzo [herenegun] ere erreklamatu genuen. Proiektua onartu behar duenak, juntak, onartu gabe hasi da Goroskintxuko pista egiten».
Prozedura ez betetzea larritzat jo dute. «Administrazio batek hori baino gehiago egin behar du. Ez dugu ahaztu behar Mankomunitatea administrazioa dela, edozein udal bezala. Nola onar daiteke proiektu bat, ezagutu ere egin gabe? Goroskintxuko pista onar dezakegu, baina proiektua ikusi behar dugu».
Bestetik, batzordeak ez du beharrezko jo pisten plangintza berezia egitea. Urteroko plangintzarekin «nahikoa» dela dio.