Ataungo 36. Hiru Auzoetako Korrikaldia igandean jokatuko da. San Martin, San Gregorio eta Aia zapalduko dituzte 17 kilometro pasako joan-etorrian. Goizeko hamaiketan hasiko da lasterketa
Udazkeneko kros herrikoiak eta maratoi erdiak prestatzeko benetako etsamina da Ataungo 36. Hiru Auzoetako Korrikaldia. Luzera aipagarria duelako, 17,3 kilometrorekin. Eta hauspoaren nahiz hanka-zainen muga ikusteko gogortasuna baduelako.
Igandean 11:00etan hasiko da. San Martin auzoko plazan irten, San Gregorio pasatu, eta Kaxetatik gora Aiara igoko dira korrikalariak. 200 metroko garaieran abiatu, eta 390era ailegatuko dira, Aiako plazan buelta hartzen duten gunean. Atzera behera, San Martinen amaituko da ibilbidea, bide beretik itzulita.
Izena aurrez
kirolprobak.com webgunean eman liteke (12 euro), edo igandean bertan 10:00etatik aurrera (15 euro).
Aurten, iaz bezala, Joxe Martin Barandiaran
Mantza zenaren —2015eko abuztuan hil zen— omenez izango da proba.
Partaideek gehienez bi orduko denbora-muga izango dute. Dutxa zerbitzua Auzoeta kiroldegian jarriko du antolakuntzak. Ataun Kirol Elkarteko Atletismo Sailak antolatu du. 300 partaide hartuko dituzte, gehienez.
Sariak, errekorrak, opariak
Sailkapen nagusian, lehenengo hiruna gizonezkoek eta emakumezkoek jasoko dituzte sariak. Baita lehen beteranoak —gizonetan 45 urtetik gora, emaku-meetan 40tik gora—, lehen herritarrak eta lehenengo ataundar beteranoak ere.
Korrikaldiaren denbora-errekorrak puskatzen dituztenentzat ere sari gehigarriak jarri dituzte. Gizonek 56:12 ordu baino gutxiagoan bukatu beharko dute, emakumeek 1:06:00.
Partaide guztien artean, gainerakoan, Ataungo produktuak zotz egingo dituzte. Gaztak, botila sagardoak, eztia eta pastak banatuko dituzte, sortetan.
Iazko Korrikaldia Juanjo Igartzabal zumarragarrak (59:21) eta Maite Maiora mendaroarrak (1:06:00) irabazi zuten. 199 korrikalarik bukatu zuten.