Kulturarteko Topaketa Astea egingo da Ordizian kultur aniztasunaren alde
Ordiziarren artean, %74 Euskal Herrian, %12 Espainian, %6 Europako Batasunean eta % 8 beste lurralde batzuetan jaiotakoak dira. Azaroaren 2tik 13ra ekintza ugari egingo dira
Ordiziako Udalak, azaroko bigarren asterako, Kulturarteko Topaketa Astea antolatu du. Ordizia Kolore lelopean, herriaren kultur aniztasuna nabarmentzeko, tokiko hainbat eragile bildu dira, besteak beste, Emaneurre, Amets-bide, Txoznetako Batzordea, Garagunea, Kimetz edo Bertso Eskola.
Kultur aniztasun horren adibide, egun, Ordizia 9.879 herritarrez osatua dago eta horien %74 Euskal Herrian jaioak dira. Euskal Herritik kanpo jaiotakoen artean, %12 Espainian jaio dira, %6 Europako Batasunean eta %8 munduko beste lurraldeetan.
Ordiziako Udaleko Aniztasun sailetik adierazitakoaren arabera, «inmigrazioaren fenomenoa herritarren artean kezka eta nahasmena sortzen dituen gai nagusi bihurtu da».
Elkarbizitza sustatzekoOrdiziako Udaleko Aniztasun sailaren helburu nagusia «jatorri ezberdina duten pertsonen arteko elkarbizitza sustatzea» da. Horretarako, Udal Harrera Sare Integral bat eratu dute, eta bertan arlo eta eragile guztiek parte hartzen dute. Sare horren bitartez, migrazio eta aniztasunaren ikuspegia udalerriko arlo ezberdinetan txertatu nahi dute, «eragile guztiak subjektu eraldatzaile bihurtuz». Helburu horietara iristeko, Aniztasun sailak hainbat puntu izango ditu kontuan: euskara eta euskal kultura, jatorri ezberdinetako pertsonen hizkuntza eta kultura, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna, egoera gutxituan daudenen behar espezifikoak eta, elkarbizitzarako arau bezala, bizilagun guztien eskubide eta betebeharrak .
Helburu horiek betetzen joateko asmoarekin dator Ordizia Kolore Kulturarteko Topaketa Astea. Hori dela eta, azaroaren 2a eta 13a bitartean ekintza ugari izango dira herrian, hala nola, pintxo-pote kulturanitza, ipuin kontalariak edo Goazen Ordizia berezia.
EGITARAUA· Asteazkena, 2. Pintxo-pote kulturanitza, Batukadak lagunduta
· Asteartea, 8. Ipuin kontalariak, arabieraz eta euskaraz, Barrenan, 17:15ean.
· Asteazkena, 9. Almanya, ongi etorri Alemaniara filma ikusgai.
· Osteguna, 10. Goazen Ordizia berezia.
· Larunbata,12. Munduko arrozak dastatzeko aukera, Plaza Nagusian, goizean. Aldi berean henna eta tearen zeremonia. Herriko bertsolariak ere egongo dira. 17:00etan, berriz, cricket erakustaldia, pilotalekuan.
· Igandea,13. Bizilagunak egitasmoa, SOS arrazakeria elkarteak bultzatuta.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.