Beasaingo Paperak bildumaren 24. alea aurkeztu dute Juanjo Olaizolak eta Martin Garciak: 'Bagoi fabrika eta haren eragina Beasainen eta Ordizian (1901/1925)'. Hiru urteko lanaren emaitza da.
Beste altxor txiki bat gehiago izango dute Beasainek eta Ordiziak, Martin Garcia Garmendia beasaindar historialariak eta Juanjo Olaizolak Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoko historialariak osatu duten
Bagoi fabrika eta haren eragina Beasainen eta Ordizian (1901/1925) liburuari esker. Beasaingo Paperak bildumaren 24. liburua da. Beasainen eta Ordiziaren historian trenak eta tren fabrikak XX. mendearen hasieran izan zituzten eraginak aztertu eta jaso dituzte bi historialariek.
Liburua osatzeko, inoiz argitaratu ez diren 146 argazki hartu dituzte oinarri. Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoan zituzten gordeta argazki ezezagun horiek. Duela hiru urte izan zuten Martin Garciak eta Lemniskatako hainbat kidek, argazki horien berri. Juanjo Olaizolak argitu duenez, «duela urte batzuk partikular bati erosi genizkion lau argazki album eta eguneroko bat». 1903an tren fabrikan ibilitako ingeniari ale- maniar baten argazkiak ziren, Pablo Webberrenak. «Teknikari asko etorri ziren garai hartan fabrika martxan jartzeko. Gutxi gora behera 200 bat izan ziren, batez ere Alemania, Austria eta inguru horretakoak». Webberren argazki bildumako 146 argazki jaso dituzte 551 orriko liburuan: «Fabrika eraikitzen, fabrika martxan… baina Beasain, Ordizia eta inguruko argazkiak ere atera zituen: paisaiak, kaleak, azokak, etxeak…», azpimarratu du Olaizolak.
Tren fabrikatik CAFera
1901ean hasten da liburuaren kontakizuna, Sociedad Española de Construcciones Metalicas enpresak lehenengo harria jarri zuenean. «Tren fabrika deitzen zioten Beasainen eta Ordizian», dio Martin Garciak. CAF beranduagoakoa da: «CAF ez zen hasi funtzionatzen 1917. urtera arte. CAFek nabeak eta instalazioak alokatu zizkien zortzi urtean. 1925ean CAFeko akzionista berriek enpresa erosi zuten».
«Benetako iraultza ekarri zuen tren fabrikak XX. mendean»
Martin Garcia (Historialaria)
Tren fabrikak zein ondorio izan zituen XX. mende hasieran Beasainen eta Ordizian?
Eragin berdintsua eduki zuen bi herrietan. Batetik, tren fabrikaren lan eskaintzaren ondorioz izan zen inmigrazioak boom demografikoa ekarri zuen eta udalek pilak jarri behar izan zituzten. Etxebizitza mordo bat eraiki behar izan zituzten etorri berriak ziren 1.100 familientzat. Lehenengo hamar urtean, 15 etxebizitza bloke berri eraiki zituzten; guztira, 220 etxebizitza inguru. Ondorioz, argi indarra eta ura ekarri behar izan zen; 1909an lortu zen hori. Lehenengo ur isurbideak eta estoldak ere orduan egin zituzten.
Zenbat langile etorri zirela kalkulatzen duzue?
Kalkulatzen dugu Beasainera mila bat pertsona etorri zirela.
Udaletan zein eragin izan zuen? Nola moldatu ziren?
Udalen aurrekontu arrunta ikaragarri hazi ziren 25 urtetan. Beasainen kasuan, 17.500 pezetako aurrekontua izatetik, 145.000 pezetakoa izatera pasa zen. Alegia, %770eko igoera izan zuen Beasaingo Udalaren aurrekontuak. Ordizian ere berdina gertatu zen: 35.000 pezetako aurrekontua izatetik 185.000 pezetakoa izatera pasa zen. Igoera %575ekoa izan zen. Aurrekontu bereziak edo ez ohikoak ere osatu behar izan zituzten, epe ertain eta luzera begirako finantzaketarekin hainbat lan aurrera eramateko: uraren hornikuntza, Ordiziako plaza berria orduan egin zen, Beasaingo plazaren azpiko obrak ere bai, eskolak… Benetako iraultza ekarri zuen tren fabrikak XX. mendearen hasieran Beasainera eta Ordiziara; begiak ireki dizkigu liburuak.
Beste zein ondorio azpimarratuko zenuke?
Arlo sozialean ere berrikuntza handi bat ekarri zuen tren fabrikak: segurtasun kutxa bat sortzea. Tren fabrikan lan egiten zuten langileek lan istripuren bat edo gaixotasunen bat izaten zutenean, diru laguntza jasotzeko aukera ematen zuen kutxak. Ordura arte, bajaren bat edukiz gero, miserian gelditzen ziren langileak, ezer kobratu gabe.
Tren fabrikak bertako langileentzako ekonomatoak ere sortu zituen.
Bai, merkataritza arloan mugarria izan zen hori. Beasainen komertzio gutxi zegoen; Ordizian gehixeago. Baina ekonomatoek oinarrizko beharretarako produktuak saltzen hasi ziren. Ur-tean gutxi gora behera 600.000 pezeta fakturatzen ziren ekonomatoan. Tren fabrikako langile batek, egunean 4,5-5 pezeta kobratzen zituen; urtean 1.000-1.100 pezeta. Ekonomato horien fakturazioa gutxi gora behera, Beasaingo eta Ordiziako udalen aurrekontu arrunta baino hiru aldiz handiagoa zen.