Frigorifikoa lagun, Leitzako ezohiko hanburgesa haragidunak eta haragi gabekoak aukeran dira azokan atzotik
Goiz hotza, 5 gradu besterik ez goizeko 08:00etan Ordiziako plazako termometroan. Handik eta hemendik inguratutako jendeak ere garaiko eguraldi gorabeherak aipagai; «Brinkolan goizean izotza zegoen» zioen batek. Neguko aitzakirik gabeko eguraldia halere, eguzkiak 09:30a aldera dotoretu baititu bazterrak.
Eskaintza berri batean erreparatu behar dugu: Juan Ramon Lizarraga Leitzako harakinak hozkailu bat lagun, hanburgesa eta lukainka eskaintza handia aurkeztu du. Harakindegian bertan prestatuak dira, laktosa eta glutenik gabeak, eta oso nahasketa berezidunak, hala nola, soja, piper berde, tomate natural eta tipulakin eginak batzuk, edo oilasko, kurri eta mostazarekin beste batzuk. Zerri haragia on-ddoekin, zaldikoa intxaurrekin… eskaintza zabala zen. Lukainketan ere oilasko, zerri edota txekor haragienak ziren aukeran. Jakin mina piztu dute lehen asteazken honetan. Menuak osatzeko aukera bat gehiago, beraz, feria gunean.
Bestalde, barazki eta frutei dagokienez, intxaur handia edo nafar intxaurra deitu izan diotena ekarri du Itsasoko Maria Jesus Oriak. «Oso barne bete eta mamitsua da; ireki eta ikusi» zioen. Ez gara horretan geratu, baita probatu ere, eta ez da itxura soila intxaur horren edertasuna!
Ugaritzen ari dira, berriz, jateko puntuan dauden mizpirak, eta kiloa 3 eta 3,5 euroan zen atzo salgai. Kiwiak ere bai. Eta barazkietan, geroz eta bruselaza gehiago dago, eta bere prezioa esparru zabalagoan, 3 eta 5 euro artean kiloa.
«Gaztena bil gaztena jan»
Hala dio Pantxoa eta Peioren abesti batek. Nonbait, norbaitek bildutako gaztainak atzo jateko aukeran ziren Ordizian. Lasaren postuan danbolin txikian erre berriak bezeroei eskaintzen zizkien 10:00ak alderako. Hotzari aurre egiteko primerako bokadutxoa. Eta gozo kontuekin bukatzeko, hasia da gabonetako turroi, mazapan eta abarren aukera, datorren astetik aurrera aipagai izango duguna.