Hobaria %50ekoa izango da. Legazpiar batek ordenantza fiskalen gainean aurkeztutako alegazio baten ondorioa da. Neurria ez dute aho batez onartu
Datorren urtean familia ugariek hobaria izango dute ibilgailuen gaineko zergaren tasan. Tasaren erdia ordainduko dute. Neurria herenegun iluntzeko osoko bilkuran onartu zuten EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin. EH Bilduko eta Irabaziko zinegotziak abstenitu egin ziren.
Aurreko irailean behin-behineko onarpena eman zieten 2017ko ordenantza fiskalei eta, erakusketa publikoan egon diren tartean, legazpiar batek alegazio bat aurkeztu du. Familia ugarientzat %90eko hobaria eskatzen zuen ibilgailuen gaineko zergan eta aldaketa atzeraeraginezkoa izatea. Udal gobernuak Ondasun Higiezinen Zergaren gaineko hobari berbera aplikatzea proposatu zuen osoko bilkuran. PSE-EEko Roberto Alonsok proposamena babestu zuen. Irabaziko Alberto Bezunarteak hobaria ez dela progresiboa eta alegazioa aurkeztu duen legazpiarra babeste aldera abstenitu egingo zela esan zuen. EH Bilduko Kepa Urtzelai bat etorri zen hobariarekin, baina gaia sakonago landu behar dela gehitu zuen.
Bezunarteak bilkura amaitu aurretik utzi zuen Koldobike Olabide alkateak, galdera-erantzunen tartean, ez ziolako galdera egin aurretik azalpenak ematen utzi. Olabidek galderen tartea zertarako den argitu zion. Bezunarteak galdera azalpen horiek gabe ez zela ulertuko esanez utzi zuen bere aulkia.
PSE-EE gabe, aurrera Altsasuko aferaren mozioa
Osoko bilkurara eraman zuten EH Bilduk Altsasuko gertakarien harira aurkeztutako mozioa. Mozioa onartu zuten
PSE-EE ez beste alderdien aldeko botoekin.
Mozioak hiru puntu hartzen zituen nagusiki: Legazpiko Udalaren elkartasuna aurreko azaroaren 14an atxilotutako pertsonen familiekiko. Bigarren puntuan, erabaki judizialak errespetatuta ere, gertaeren zigor kalifikazioarekin bat ez datozela adierazi zuten. Hirugarrenean, Altsasuko herritarrei elkartasuna adierazi, eta elkarbizitzaren aldeko apustua egiten dutela aldarrikatu zuten.
PSE-EEko Roberto Alonsok epaitegiei neurriz jokatzea eskatzen dieten arren, «mozioan Altsasuko gertaerak ez dira arbuiatzen eta guardia zibilekiko elkartasunik ez da agertzen. Biktimarioak biktima gisa aurkezten dira», argudiatu zuen ezezko botoa arrazoitzeko. Sagrario Etxabe EH Bilduko zinegotziak penaz hartu zuen sozialistaren ezezkoa, «gu ez gara epaile, gertatu zenaren bertsio bakarra daukagu, gaizki egindakoak onartuta ere, ekintza terroristatzat hartzea gehiegizkoa da eta badirudi alderdi bat iraganean ainguratuta dagoela». Jabier Iraeta jeltzaleak Legazpin bizikidetzan elkarrekin lanean ari direla gogoratu zuen eta Etxabe bat etorri zen berarekin.