Jai eguna izanagatik, Segurako haurrak eta gaztetxoak goiz jaiki dira gaur ere; 10:00etarako kalean ziren, eskuan poltsak hartuta. Izan ere, segurarren egutegian gorriz borobildutako eguna baita gaurkoa, San Nikolas eguna.
Abenduaren 6an, 150 urte baino ohitura berritu dute beste behin ere Seguran. Ohi bezala, horretarako, 6 urteko haurra –kasu honetan Danel Niño Ormazabal – izendatu dute gotzain txikiaren lana egiteko. 10:00etan, Arbolarian pottoka gainera igo dute Danel gurasoek lagunduta. Urduri zegoen gotzain txikia baina ederki bete du bere lana, gurutzearekin San Nikolas esan eta kantatzeko agindua emanez.
Goiz osoan kalez kale ibili dira Segurako haurrak kantuan eta balkoietatik botatako gozokiak eta litxarreriak jasotzen. Zenbait gurasok ziotenez, aurten behintzat, iaz baino gehiago kantatu omen dute haurrek. Goiza bukatzerako, poltsakada gozoki zuten Segurako haurrik bizkorrenek. Pixka batean ez dute goxokorik erosi beharko Segurako haurrek. San Nikolasek arretaz begiratzen zuen gainerako haurrek nola jasotzen zituzten gozokiak; San Nikolasi, ordea, gozoki zorroak eskura ematen dizkiote. «Txokolatezko dirua ere eman didate», esan du gustura San Nikolasek.
Fruta eta fruitu lehorrak
Segurako hainbat tradiziori eusten aritzen den Laureano Telleria hantxe ibili da laguntzen eta antolatzen. Harrituta zegoen goizean goizetik zenbat haur elkartu den. «Bukaerarako izugarria izango da», esan du. Eguraldia ere primerakoa izan dute eta gustura eta irribarretsu ibili da Telleria. Gaur egun gozokien festa bihurtu da San Nikolas, baina garai batean ere egun handia izaten zen Segurako haurrentzat, nahiz eta gozokirik ez izan. «Gozokiena berria da, orain dela 30 urtetik honakoa. Lehen, garai batean, sagarrak, mizpirak, mandarinak, intxaurrak eta hurrak botatzen zituzten», adierazi du.
Pastelak eta tartak salgai
Garaiak aldatu dira, eta bilakaera horretan, Nikolas Txiki pastelak eta Segurako Tarta ere sortu dituzte; gaur, salgai izan dira plazan eta Ardixarran.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.