Patricio Echeverria lantegiko altxor ahaztua argitara ekarri du Gorka Salmeron (Legazpi, 1969) argazkilariak. 1918-1993 urte tartean Legazpiko motor, bihotz eta kate izandako fabrikako argazkiak bildu ditu.
Salmeron erakusketa muntatzen ari da Legazpiko Kultur Etxean. Argazki zaharrak mahai gaineetan nahiz zoruan daude. Markoekin lanpetuta dabil argazkilari legazpiarra. Elkarrizketari soinu-banda jarri dio: Oum Kolthoum. «Egiptoko kantaria zen, arabiar munduko Edith Piaf edo Maria Callas». Kolthoumen ahots boteretsua Salmeronen kontakizun apasionatuarekin batera barreiatu da aretoan. Izan ere, Legazpin datorren astelehenetik aurrera ikusi ahalko diren argazkien atzean hamaika historia edo altxor daude; horiekin liburu bat idatzi du.
Kolthoumen musikarekin negatiboak laborategian errebelatu izan ditu behin baino gehiagotan. Azkenaldian, kamerarekin baino, agiritegietan ibili da. 1993an
Legazpi Industri Paisaiak erakusketa ireki zuen Errenteriako Gaspar galerian eta Zaragozako (Aragoi) Spectrum galerian, «Espainiar estatuko fotogaleria zaharrena zen, argazkilari gazte batentzat garrantzitsua zen han erakustea», dio Salmeronek. Patricio Echeverria SA lantegian egindako argazkien bilduma erakutsi zuen orduan: 1991n eta 1992an ateratako argazkiak.
«Baimena lortzea ez zen batere erraza izan, baina azkenean garai hartako gerentearekin bilera egin, eta eman zidaten», kontatu du. Bitxia da, hala nabarmendu du argazkilariak, Legazpiko fabrika garrantzitsuena 1908an ireki, eta 1992an banandu izana. Salmeronek azken aroa jaso zuen bere argazkietan. «Ni ez nintzen horrekin jabetu, baina ziklo baten amaieraren lekukoa izan nintzen».
Altxor ezkutua
1993an, Salmeronek bere industri paisaiak bildu eta erakutsi ostean, beste gertaera bat ere jazo zen: argazki zaharren bilduma bat berreskuratu zuen. Argazkiak Patricio Echeverria lantegian 1918tik aurrera ateratako irudiak ziren. Horra altxor ezkutua. Hain zuzen, astelehenean erakutsiko duen bildumari izena eta izana eman dion altxorra. «Aurretik argazkilari asko handik pasata zeuden eta lan zoragarria egina zuten. Hasieran etsitu nintzen», dio Salmeronek, «nik egin nahi nuena egina baitzegoen».
Etsipen haren arrastorik ez dago jada. Izan ere, argazkilariei erreparatzen hasi zen. «Echeverriaren leloa kalitatea zen. Argazkilariak ere kalitate handi-koak izan ziren», azaldu du. Erakusketara bildu dituen ar- gazkiak fabrikak enkarguz eskatutako argazkiak dira; feria zein bestelako erakusleihoetan lantegiaren irudia zabalduko zuten argazkiak. Lantegia ireki eta zortzi urtera, 1918an hasi ziren argazkilariak Legazpira iristen. Donostia, Bilbo, Madril, Katalunia…
Salmeron ikertzen hasi zen, arakatzen. «Hemen argazkilaririk ez ote zegoen galdetu nion nire buruari. Lucio Vergara zegoen, Patricioren konfiantzazko langilea, baina ez zen profesionala. Santi Gabiriak 1958an ireki zuen estudioa. 1960ko hamarkadara arte ez zuen eskualdeko argazkilaririk kontratatu».
Airez egindako argazkiak daude, baina batez ere lantegi barruko argazkiak daude. «Aurreko erakusketan bi jarrera ezberdin topatu nituen legazpiarrengan. Alde batetik lantegian lanean aritutakoena eta ezer gehiago jakin nahi ez zutenena. Bestalde, lantegia barrutik nolakoa zen argazkietan ikusi zutenena eta egindako lana eskertu zidatena».
Urtarrilaren 5era arte lantegiak XX. mendean egindako bidearen irudiak ikusgai daude. Ez da abenduan Salmeronek argitara eramango duen lan bakarra. Bi urte eman ditu argazkilarien biografien puzzleak osatzen; hori da argazkiok utzi dioten bigarren altxorra. Liburua abenduaren 20an aurkeztuko du. Ondoren, zer? Kamera eskuetan hartu eta, argazkilari senari kasu eginez, argazkiak egitera itzuli.