Lehenengo partaidetza zuten Mitxel-Muruzabal gainditu dituzte finalean. Finalaurrekoan kanporatu dute Skufca, munduko bi txapeldunen arteko deman. Beste baterako irrikan geratu dira
Espero izatekoa zen bezala, goi mailakoa suertatu da Olaberriko III. Eliteko Pala Motz Txapelketa. Partaidetza ona ziurtatuta zegoen, munduko hainbat palari txapeldunekin, eta frontoian erakutsi dute zer egiten dakiten. Larunbatean bukatu zen hiru eguneko pala blaitua.
Finalean, goierritar batek jantzi du txapela. Gari Arrieta olaberritarra eta Javier Labiano iruindarra 40 eta 30 nagusitu zitzaizkien Mitxel Fernandez-Asier Muruzabal iruindarrei. Lehen aldiz jokatu dute Mitxel-Muruzabalek Olaberrian, eta txapela jantzi ez izanaren arantza kentzeko, berriz etortzeko prest dira.
Aipatzeko moduko txapelketa egin dute Arrieta-Labianok. Lehenik Beñat Ibarguren-Jose Manuel Garrido kanporatu (40-25), eta finalaurrekoan Xabier Ibarguren-Emiliano Skufca gainditu zituzten (40-28).
Datorren urteari begira
Munduko hiru txapeldun aritu ziren finalaurreko horretan, partida berean. Labianok ofizialki Skufcari irabazi dion lehen partida izan zen, Olaberrikoa. Arrietak lan ona egin zuen aurrean, eta Xabi Ibargurenek jasan zuen presio handiena, atzelari aritu ziren Skufca lagunaren eta Labiano aurkariaren ahalmenaren aurrean. Beste finalaurrekoan, Mitxel-Muruzabal 40-32 nagusitu zitzaizkien Iradi-Anduezari.
Hamalau pilotarik parte hartu dute; goierritarrak bost. Denak maila onean aritu dira.
«Gustura gaude. Jendea joan da frontoira, nahiz eta lana badagoen oraindik. Pilotariak ere gustura etorri dira. Ukitu berezia ematen diogu txapelketari, geroko bazkari eta sari banaketarekin. Gonbidatzeko zain geratu dira denak», esan du Xabier Berasategi antolatzaileak.