Olaberriko Arcelor lantegian egun osoko greba deialdia egin du gaurko enpresa batzordeak, enpresako zuzendaritzak aurrejubilazioen inguruko akordioa ez duela bete argudiatuta. Langile batzarra atzo ziren egitekoak, komitearen proposamena berresteko. Ga...
Arcelorreko langileak, protesta ekintza batean.
Olaberriko Arcelor lantegian egun osoko greba deialdia egin du gaurko enpresa batzordeak, enpresako zuzendaritzak aurrejubilazioen inguruko akordioa ez duela bete argudiatuta. Langile batzarra atzo ziren egitekoak, komitearen proposamena berresteko. Gaur, 12:00etan, elkarretaratze bat egingo dute Carrefour saltoki handiaren parean.
Enpresa batzordeak dioenez, 2016. urtean zazpi langile aurrejubilatuko dira, eta beraien ordez sartuko diren langileak Olaberritik kanpoko beste lantegi batean kokatu nahi ditu enpresak. Komiteak enpresa hitzarmena betetzeko eta ordezko langileak Olaberriko lantegian sartzeko eskatu du. «Eta baita etorkizunean izango diren errelebo kontratuak ere Olaberrian ematea, horrela enplegu suntsiketa eragotziko baita».
Inbertsio aukerak aztergai
Bestalde, hainbat hedabidek atzo zabaldu zutenez, Arcelor Mittaleko zuzendaritzak «etorkizun ona» ikusten du Olaberriko lantegiarentzat, merkatuko gaur egungo baldintzak mantentzen badira behintzat. Horrez gain, Olaberrian produkzio ahalmena handitzeko inbertsioak egiteko aukera aztertzen ari dela dio zuzendaritzak, nahiz eta oraingoz aurrekonturik ez izendatu. Multinazionalaren arabera, urtean milioi bat tona ekoiztera irits daiteke Olaberriko lantegia.