Jokin Mujikak (Itsasondo, 1962) Espainiako txapelketa irabazi berria du Valentzian, Master 55/60 mailan. Duela hilabete, berriz, Belgikan jokatu zen Munduko txapelketan zortzigarren postua eskuratu zuen.Larunbatean jokatu zen Valentzian ziklo kroseko E...
Jokin Mujikak (Itsasondo, 1962) Espainiako txapelketa irabazi berria du Valentzian, Master 55/60 mailan. Duela hilabete, berriz, Belgikan jokatu zen Munduko txapelketan zortzigarren postua eskuratu zuen.
Larunbatean jokatu zen Valentzian ziklo kroseko Espainiako txapelketa, eta Master 55/60 mailako txapelketa irabazi zenuen.
Bai. Valentzia hirian jokatu zen (Herrialde Katalanak), Turia ibaiaren ondoan dagoen parke batean. Master mailakoak 30 urtetik gorakoak dira. Hemen hamar urteka bereizten dira mailan baina Espainiako eta Munduko txapelketetan bosnaka. Dena den, Master 50 urteko denok batera atera ginen. Seigarren bukatu nuen lasterketa baina Master 55/60 mailan lehenengoa izan nintzen. 40 minutuko proba izaten da egin behar izaten duguna.
Master mailan lehenengo txapela izan duzu?
Bai. Aurten gazteena nintzen nire mailan, eta adina asko nabaritzen da.
Dena den, ez da lehenengo aldia izan Espainiako txapelketa irabazi duzuna. Eliteen mailan, txirrindulari profesionala zinenean, 1993an, 1994an eta 1996an ere jantzi zenuen Espainiako txapeldunaren elastikoa.
Bai, eliteen mailan, hiru urteetan irabazi nuen. 34 urterekin utzi nuen txirrindularitza eta 50 urte arte ziklo-krosean aritu gabe nengoen. Hemengo probatan eta mendiko bizikletan ibiltzen nintzen, zikloturisten martxetan…. Baina ziklo krosean ibiltzeko federatu egin behar da, lizentzia behar da. Orain arte ezin izan dut irabazi; gauza batengatik edo bestearengatik, ezin izan dut irabazi. Aurten behintzat irabazi dugu.
Sari honek ilusio berezia egin dizu, profesionaletan irabazitakoak adina?
Ez dauka zerikusirik. Hobby bat da ziklo-krosa guretzat. Giro ona daukagu gure artean.
Aurrera jarraitzeko indarra emango du, ezta?
Ikusiko dut, datorren urtean beharbada lasaiago hartuko dut. Azken batean, burua da garrantzitsuena eta egia esan behar bada, aurten asko kostatu zait asteburuetan goizeko 06:00etan jaikitzea. Datorren urtean ikusiko dugu buruak zer agintzen duen. Egia esanda, ez naiz ikusten Belgikan ikusi ditugun bezala, 70 urterekin lehiatzen.
Buruan domina bat zintzilikatzeak ere aurrera jarraitzeko indarra emango du.
Bai. Aurreko urteetan ez dut irabazi baina hurrengoan izango denaren ilusioarekin jarraitu izan dut. Lasterketak inguruan izateak ere laguntzen du; igande goizetako plan bat dela esaten dut nik. Normalean eguerdirako etxean egoten gara. Igande goiza pasatzeko beste era bat da. Denbora ere nahiko mugatua izaten da, bi hilabetetan izaten dira lasterketak.
Munduko txapelketan ere parte hartu duzu aurten.
Duela hilabete munduko txapelketan izan ginen, Belgikan. Master mailako txapelketa ere egiten da. Bederatzi lagun joan ginen furgonetan. Masterretan 400 bat lagun aterako ginen, bosnaka urteka ateratzen ginen. 55-60eko txandan, 50 bat aterako ginen. Alemaniarrak, txekiarrak, islandiarrak… Zortzigarren egin nuen. Karrera polita egin genuen eta oso asteburu polita pasatu genuen. Profesional handien karrera ere ikusi genuen… Jendeak jakin du zein plan egin dugun eta hurrengorako gehiago apuntatzeko prest azaldu dira.
Garai batean ibilitakoekin topo egin al zenuen?
Famaturik ez zegoen. Baina gaur egun gabiltzan gehienak lehen ere ibilitakoak gara. Ziklo-krosean ibiltzeko teknika behar da eta jende berri gutxi ibiltzen da; lehen ibilitakoak gara gehienak. Maila ona dago, jendea prestatu egiten da.
Munduko txapelketara joateko posturen bat lortu behar izaten al duzue aurretik?
Ez, masterren kasuan izena ematearekin nahikoa da. Kadete, elite eta 23 urtez azpikoa Federazioarekin joan behar izaten da, gure kasuan Espainiako federazioarekin. Baina masterrek librea daukate, Internetetik izena eman eta 40 euro ordainduta.
Betiko etxearekin, Orbearekin ari zara orain ere.
Beti Orbearekin. Bizikleta, materiala… ematen dizkit. Bizikleta espezifikoa da ziklo krosean, eta gainera gutxienez bi bizikleta behar dira, lokatza baldin badago aldatu ahal izateko eta materiala ere kostatu egiten da.