Itsasoko Udalbatza berriz eratzeko osoko bilkura egingo dute bihar

Itsasoarrek Ezkiotik desanexioa egiteko erabakia hartu eta gero, aurreko abenduaren 20an ofizial egin zen. Biharkoa egun «pozgarria eta historikoa» dela diote

Itsasoko_batzorde_kudeatza

Bihar egingo dute Itsaso udalerri independiente bihurtuko duen ekitaldia. Osoko bilkura deitu dute bihar 19:00etarako Itsasoko udaletxean. Itsasoarrentzat egun «pozgarria eta historikoa» izango dela diote bertakoek.

Ekitaldiaren hasieran udalerriaren kudeaketaz arduratuko den batzordea aurkeztu eta gonbidatuei harrera egingo diete, hala hainbat udalerritako ordezkariei nola itsasoarrei. Batzordea aurreko urteko azaroaren 6an hautatu zuten itsasoarrek bozketan, eta Gorka Sasietak, Joxemari Barrenetxeak, Anttoni Okarizek, Maixabel Olangak eta Xabier Elgarrestak osatuko du. Adin-mahaia osatuko dute aurkezpenen ondoren, eta udalaren lema hartuko duen batzorde kudeatzailea eratzeaz batera, karguaren jabetza hartuko dute batzordeko kideek. Batzorde kudeatzailearen buruak kargua onartu beharko du ondoren.

Aginte makila

Behin batzordeko presiden-teak kargua hartuta, Garikoitz Aiesta Ezkio-Itsasoko alkatea izan denaren eskuetatik Itsasoko aginte makila hartuko du. Itsaso udalerri zeneko makila erabiliko dute horretarako.

Presidenteak hitza hartuko du eta ohorezko aurreskua dantzatuko diete. Ekitaldiari amaiera emateko Itsasoko ostatuan mokadutxo bat prestatuko dute eta bertan udalerriaren izaera berreskuratzeko prozesuan bidelagun izan dituzten lankide zein erakundeetako ordezkariak izango dira, baita Itsasoko mugakide diren herrietako alkateak nahiz auzo-alkateak ere.

Udal bakarra Ezkiorekin

Itsaso Ezkiorekin bat egitea behartu zuen Franco diktadore espainiarraren erregimenak 1965eko martxoaren 2an. Ordutik udal bakarra izan dute Itsasok eta Ezkiok. Egun Itsasok 160 bat biztanle ditu.

Itsasoko biztanleek aurreko irailaren 19an desanexioaren alde bozkatu zuten. Aurretik Carlos Urkijo Espainiako ordezkariak helegitea jarri zuen Ezkio-Itsasoko Udalaren aurka, ez zuen ordea galdeketa geratu. Azaroaren 6an herria gidatuko duen batzordea osatzeko bozketa egin zuten. Gipuzkoako Foru Aldundiak aurreko abenduaren 20an argitaratu zuen desanexioa ofizial egin zuen foru dekretua.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend