Pasa den ostiralean bildu zen azkenekoz Batzar Nagusietako Ingurumen Batzordea.
Aranzadi Zientzia Elkarteak, Aralarko pisten proiektuaren aurkako iritzia azaldu zuen pasa den ostiralean, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ingurumen Batzordean. EAJren ustez, Aranzadiren txostena “alde batekoa eta iritzietan oinarritutakoa” da. Jabier Altuna jeltzaleak gogorarazi du, Aralar Parke Naturalaren gestio dokumentuan jasotzen dela “gestio arloa bere osotasunean hartuko duen ebaluaketa eta diagnosi sakona” egiteko beharra, eta hori “irizpide ekologiko eta soziekonomikoei erreparatuz” egin behar dela.
EAJren ustez, mendiko abeltzaintzak ez duela etorkizunik dio Aranzadiren txostenak, eta horrenbestez ez dagoela pista berriak zabaldu beharrik. Iritzi horiek, ordea, “gizarte kohesioa eta ingurunearen kudeaketa integrala eragotzi” egiten dutela azaldu du Altunak.
EAJk, “Europa osoan aplikatzen ari diren ingurumen espazioen kontserbazioan oso baliogarri diren eta emaitza onak eman dituzten kudeaketa sistema aurreratuenen alde” egiten duela dio, eta eredurik gertukoena, Ipar Euskal Herrikoa dela. Hala, lurraldeko eragile soziekonomikoak ardatz hartuta, “eredu holistiko” baten alde egiten dutela azaldu du Altunak, “naturguneak urrunetik kudeatu nahi dituen ‘eredu teorikoa’ gainditu” asmoz.